Espetxeratuen eskubieak

EJ-GV Mikel Arrazola


Zigorrak sorturiko sufrimendua ahalik eta gehien arindu nahi izatea du bereizgarri gizarte demokratikoak. Hori lortzeko, espetxe-zigorra krimenik larrienak bakarrik zigortzeko erabili behar da, eta, edonola ere, espetxeratuek beren eskubide guztiak normalki gauzatuko dituztela eta beren epaian espresuki mugatu ez dizkieten gizarte-onura guztiak izango dituztela bermatu behar da. Gaur egun ez da halakorik gertatzen ari. Alde batetik, eskubideok gauzatzeko zailtasun anitz aurkitzen dituzte errealitatean, baita laneratzeko, gizarteratzeko edo familian txertatzeko trabak ere, espetxe batean egon izanaren ondorioz. Beste alde batetik, gure espetxe-sistema Europako herrialdeen buruan agertzen da biztanle bakoitzeko espetxeratu kopuruari dagokionez.

Horrek guztiak, jakina, gure gizarteko talderik ahulenetako bat bihurtzen du espetxeratuena. Errealitate hori ikusita, Arartekoak esku hartu behar duela uste du, nahiz eta arlo horretan kontrol-ahalmenik ez izateak bere jarduera mugatzen duen, izan ere, Eusko Jaurlaritzak behin eta berriz eskatu duen arren, administrazio autonomikoari oraingoz ez zaio eskualdatu erkidego honetako espetxeen kudeaketa, oraindik ere Estatuaren ardurapekoa baita.

Arartekoak oraingo zigor sistemari buruzko gogoeta eragin nahi du, legeak erakunde honi eman dion eginkizuna betez, hau da, giza eskubideetan oinarrituriko kultura zabalduz. Horretarako, Eusko Legebiltzarrari eta gizarte osoari jakinarazi behar diegu zein egoeratan dauden gure espetxeetan sartutako pertsonak, baita ere benetan zein ondorio sortzen dituen askatasuna kentzeak. Herritarrei kontzientzia harrarazi nahi diegu espetxeak sortzen dituen kalteez, gizakiari eta gizarteari dakarkion kostuaz eta, beraz, norberaren ardura-hartzea eta gizarteratzea erraztuko duten zigorraren ordezko modalitateak abian jartzeko beharraz; hori guztia, delituen biktimen interesak eta eskubideak ahaztu gabe. Halaxe ezarri du arlo honetako nazioarteko araudi berrienak, eta araudi horren arabera jardun behar dute herri-aginteek orok.

Helburu hori erdiesteko, Arartekoak, 1996. urtean, Euskal Herriko espetxeen egoerari buruzko txosten berezi bat egin zuen. Orduan herri-aginteei egin genizkien gomendioen bilakaera aztertzen dugu urtero, eta gomendioak eguneratzen ditugu. Horretarako, espetxeak ikustera joaten gara eta bilerak egiten ditugu administrazioan nahiz gobernuz kanpo espetxeratuekin lanean diharduten elkarte eta profesionalekin.

2005eko irailean egin genuen azken ikustaldia EAEko espetxeetara, eta emaitzak urte hari dagokion txostenean ageri dira, 175. orrialdean eta hurrengoetan.

GAI HONEKIN LOTUTAKO DOKUMENTUAK
Espetxeratuak
Arartekoaren jarduerak arreta publikoa behar duten taldeak babesteko - Espetxeratuak - 2014ko txostena Arartekoaren jarduerak arreta publikoa behar duten taldeak babesteko - Espetxeratuak - 2014ko txostena
Arartekoaren jarduerak arreta publikoa behar duten taldeak babesteko - Espetxeratuak - 2013ko txostena - 185 Kb. Arartekoaren jarduerak arreta publikoa behar duten taldeak babesteko - Espetxeratuak - 2013ko txostena
Arartekoaren jarduerak arreta publikoa behar duten taldeak babesteko - Espetxeratuak - 2012ko txostena Arartekoaren jarduerak arreta publikoa behar duten taldeak babesteko - Espetxeratuak - 2012ko txostena
Arartekoaren jarduerak arreta publikoa behar duten taldeak babesteko - Espetxeratuak - 2011ko txostena Arartekoaren jarduerak arreta publikoa behar duten taldeak babesteko - Espetxeratuak - 2011ko txostena
Reglas Penitenciarias Europeas Reglas Penitenciarias Europeas
RSS
Bikaintasunarekin konpromisoa - Compromiso con la excelencia
sello accesibilidad   sello accesibilidad