Elkarte eta GKEen eginkizuna

Euskal gizartea bereziki harro senti daiteke, elkarte sare trinkoaren bidez agertutako solidaritateagatik. Sare horrek zigortutako eta espetxeratutako pertsonekin egiten duen lana adierazgarritasun osoz deskribatzen du Justizia Sailaren Zigor Betearazpenari eta Gizarteratzeari Laguntzeko Zerbitzuak. Haiek adierazitakoa berretsi beharrean gaude:

"Elkarte sareari buruz hitz egitea motibazioari buruz hitz egitea da, eta motibazioa aldaketa da, "interes orokorreko" eta helburu pertsonal eta zehatzeko aldaketa. Elkarte sareari buruz hitz egitea konpromisoa esatea da, hainbeste boluntarioen izateko funts eta arrazoi moduan, ez eskulan merkea, baizik eta prestatuak eta konpromisoa hartzen dutenak, eta soberan dutena emateko moduan ulertzen ez duten profesionalak, ongi sentitzeko zerbitzu moduan, baizik eta beren denboraren, esfortzuaren, sormenaren eta dedikazioaren ardatz moduan, borondatezko boluntarioek kontzientziak isiltzen eta salaketak estaltzen dituztela dioen ideia zahar eta okerretik urrun... Alderantziz, alde batera uzten diren eta hain ezagunak ez diren kontuen gaineko kontzientzia kolektiboa agerrarazteko nahia ere bada".

Gure aldetik esan dezakegu Euskadin elkarte sareari buruz hitz egitea espetxeen alorrean boluntario ugari dituen alorra aipatzea dela ¿300ek agiria dute Langraizen bakarrik¿. Horiei esker egiten diren zigor eta segurtasun neurrien baliogabetzeen erdiak posible dira. Ehunekoa are altuagoa da komunitatearen onurarako lanak bezalako hautabideei buruz hitz egiten badugu, edota Espetxeetako Erregelamenduaren 182., 100.2., 82. eta 117. artikuluen bidez zigorrak espetxetik kanpo erabat edo neurri batean betetzeko eredu ezberdinei heltzen badiegu. Hori guztia tratamenduaren, plan pertsonalak egitearen, gizarteratzearen eta lana topatzearen zerbitzura dago.

2007ko maiatzean eta ekainean egin ziren Arartekoaren eta espetxeen esparruan lanean diharduten GKEen arteko azken bilerak hiru lurraldeetan, elkarri gure lanaren berri emateko eta lankidetza bide berriak bilatzeko, lana eraginkorragoa izan dadin. Urtea joan eta urtea etorri, kezkatzeko arrazoi berdintsuak adierazten dizkigute. Kezkatzeko arrazoiok Legebiltzarrarentzako gure azken txostenean islatu dira, 475. orrialdean eta hurrengoetan, eta, azkena izan genuen harremanean, honako lerro nagusiotan bildu ziren:
  • Sailkapenen eta destinoen politika. Hirugarren mailan sailkatzea eta, espetxeratu mota ezberdinei dagokienez, politika hori sustatu eta bideragarri egiteko baliabideez hornitzea.
  • Emakumea eta espetxea: eskubide-urratzeak, emakumeen sailetan espazio eta baliabide gutxiago daudelako, baita berariazko arazoei arretarik eskaintzen ez zaielako ere.
  • Espetxe administrazioaren eta arlo horretan diharduten elkarteen arteko interakzioa: zigorren eta lekualdatzeen eragina espetxeratu bakoitzak elkarteen laguntzarekin garatzen duen ibilbidean.
  • Segurtasun neurriak eta ordezko betearazpenak:
    • Eskura dauden baliabideak
    • Epaileekin eta Fiskaltzarekin egindako lana
    • Komunitatearen mesederako lanak. Arartekoaren beka bati esker, ikerlan sakona egin zen legeak helburu horrekin aurreikusi dituen aukera guztiak aprobetxatzeko dauden baliabideez. Ikerlan hori 2006ko uztailean aurkeztu zen.
  • Espetxeetako psikiatria. Gero eta patologia dual gehiago dago askatasunik gabeko pertsonen artean, eta ez dago horiek artatzeko baliabiderik.
  • Espetxeetako gizarte laguntza. Espetxeratuek izan behar dituzten gizarte-laguntza jakin batzuk lortzeko arazoak daude, oinarrizko errentaren prestazioetatik hasi eta Langraizko espetxera garraio egokia izateraino, lanaren merkatura begira prestakuntza jarraitua eta garrantzizkoa eskaintzea ere tartean dela.
  • Espetxeratu atzerritarren berariazko arazoak: kanporatzeak, lan eta egoitza baimenak, beraien eskubideak baliarazteko zailtasunak.

Urteotan zehar, gizarte zibilaren erakundeek eraginkortasuna agertu dute eremu horietan guztietan, baita gizarte erantzukizuna ere. Hori dela eta, gure errespetua irabazi dute eta, ondorioz, beren eginkizuna betetzeko behar dituzten baliabide eta erreztasun guztiak izan ditzaten egiten du lan Arartekoak.
RSS
Bikaintasunarekin konpromisoa - Compromiso con la excelencia
sello accesibilidad   sello accesibilidad