ARABAKO IKASTETXE BATEAN AMIANTOA HAUTEMAN DEN KASU BATEAN ESKU HARTU DU ARARTEKOAK



Vitoria-Gasteiz

Laudioko ikastetxe publiko bateko zenbait elementutan amiantoa hauteman izana salatu zuen eta hura guztiz kentzeko neurriak hartzeko eskatu zuen erreklamazio bat izapidetu du Arartekoak.

Kexagileak mahaigaineratu zuen herri-administrazio eskudunek neurri egokiak hartu behar zituztela ez egoteko inor material horren eraginpean Latiorro ikastetxe publikoko instalazioetan airean askatutako amianto-zuntzak inalatzeagatik.

Udal-administrazioak Arartekoari jakinarazi dio zer proiektu aurreikusi diren amiantoa kentze aldera, eta, horrez gain, lotuneen estalkietako fibrozemetuzko plaken egoeraren inguruan bildutako txosten teknikoen berri eman dio. Halaber, jakinarazi du zer neurri hartu diren elementu horiek kentzeko HLHIko pasabide batean jarritako jardineren eta ikastetxearen hego-ekialdeko markesinen estalkien kasuan.

Arartekoak bere esku-hartzea amaitu du, egiaztatu baitu Laudioko Udalak dokumentazioa eskuratzeko eskaerari erantzun diola, beharrezkoak ziren ondorioak atera dituela eta zenbait gomendio egin dituela amianto-maila aldian behin kontrolatzeko eta haren bizitza baliagarria agortutakoan hura nola kendu planifikatzeko.

Nolanahi ere, Arartekoak bere ebazpenean gogorarazi du nola jokatu behar den eraikin baten instalazioetan amiantoa hautematen bada.

Lehenik eta behin, berriz ere diogu 2001eko abenduan debekatu zela amiantoa saltzea eta erabiltzea. Debeku hori ezarri aurreko eraikinetan amiantoa badago, administrazio eskudunek ekintza-plan bat zehaztu behar dute, eraikin horien erabilerari eta bizigarritasunari lotuta, amianto-zuntzen eraginpean egoteak osasunerako ekar ditzakeen arriskuak saiheste aldera, harik eta material hori kendu edo haren bizitza baliagarria amaitu arte.

Kasuan-kasuan hartu beharreko neurriak amianto-motaren eta haren birrinkortasunaren eta kontserbazio-egoeraren araberakoak dira. Materiala dagoen instalazioaren titularra arduratuko da dagozkion neurriak aplikatzeaz.

Eraikinaren elementuetan eta materialetan amiantoa egoteak osasungarritasunari eragin badiezaioke eta osasun publikoa arriskuan jar badezake, udal-administrazioek hirigintza- eta osasun-arloko eskumenak dituzte exijitzeko arriskuak ebaluatzeko azterketa bat aurkez dadin, eta, hala badagokio, baita lan-egitasmo bat ere. Kasu horietan, ebaluatu beharko da zer esku-hartze egin behar diren (esku-hartzerik ez, egonkortzea, konfinatzea edo kentzea), lan-osasunari eta laneko arriskuen prebentzioari buruzko araudiarekin bat etorriz -lan-administrazioaren eskumena da hori-.

Vitoria-Gasteiz, 2018ko irailaren 4a

 
GAI HONEKIN LOTUTAKO DOKUMENTUAK
Arartekoaren ebazpenak
Arartekoaren 2018IR-2190-16 Ebazpena, 2018ko uztailaren 10koa, ikastetxe bateko instalazioetan amiantoa hauteman izanari lotuta Laudioko Udalak egindako jardunari buruzkoa. Arartekoaren 2018IR-2190-16 Ebazpena, 2018ko uztailaren 10koa, ikastetxe bateko instalazioetan amiantoa hauteman izanari lotuta Laudioko Udalak egindako jardunari buruzkoa.
RSS
Bikaintasunarekin konpromisoa - Compromiso con la excelencia
sello accesibilidad   sello accesibilidad