ARARTEKOAK DONOSTIAKO UDALARI ESKATU DIO NEURRIAK HAR DITZALA AIETEKO EREMU BATEAN TRAFIKOKO ARAU-HAUSTEA ERAGOZTEKO



Donostia-San Sebastián

Donostiako Aiete pasealekuko jabeen komunitate batek esku hartzeko eskatu zion Arartekoari 2015ean, izan ere, udalak ez omen zuen ezer egiten Galtzaraberri inguruan eta supermerkatu baten parean ibilgailuak bigarren ilaran aparkatzea eragozteko.

Kexaren arabera, salatutako arau-hausteek bide-zirkulazioa oztopatzen zuten eta, gainera, eragozpen akustikoak sortzen zituzten. Zehazki, haien esanean, bigarren ilaran aparkatutako ibilgailuek ez zieten ateratzen uzten behar bezala aparkatutakoei, eta zirkulatzea eragozten zieten autobusei eta beste ibilgailu astun batzuei; horiek, pasatzerik ez zeukatenez, auto-ilara luzeak sortzen zituzten eta klaxona ozenki jotzen zuten, eta horrek guztiak eragozpenak sortzen zituen.

Jabeen elkarteak zioenez, Donostiako Udalak 2012. urteaz geroztik zekien salatutako egoeraren berri, udaletxean idazki bat aurkeztu baitzuten, konponbidea eskatzeko. Geroago, beste bi idazki egin zituzten, azkenekoa 2015ean.

Arartekoak udalari argibideak eskatu zizkion azaldutako gaiei buruz eta arazoa konpontzeko aurreikusitako neurriez, halakorik aurreikusi bazuen.

Erantzunik jaso ez zuenez gero, erakunde honek zenbait gestio informal egin zituen Alkatetzarekin. Horren ondoren, Mugikortasun Sailak onartutako neurrien berri eman zigun.

Hala ere, kexagileen esanean, arazoak bere horretan dirau eta ez da inolako hobekuntzarik ikusi kexa bideratzen ari zen bitartean. Era berean, ez dute ikusi eremu horretan araudia betetzen ote den ikuskatzeko asmoz udalak iragarri zituen neurriak abiarazi direnik.

Horregatik, Arartekoak Donostiako Udalari gomendatu dio neurri egokiak har ditzala, luze gabe, kexan salatutako egoera hau da, bigarren ilaran aparkatzeko debekua eta zirkulazioa ez oztopatzeko betebeharra ez betetzea eragozteko, eta neurri horien bilakaera azter dezala.

Vitoria-Gasteiz, 2018ko azaroaren 26a

 
GAI HONEKIN LOTUTAKO DOKUMENTUAK
Arartekoaren ebazpenak
Arartekoaren 2018R-1686-15 Ebazpena, 2018ko azaroaren 12koa. Horren bitartez, Donostiako Udalari gomendatzen zaio neurri egokiak har ditzala, luze gabe, kexan salatutako trafikoko araudiaren urraketa zuzentzeko. Arartekoaren 2018R-1686-15 Ebazpena, 2018ko azaroaren 12koa. Horren bitartez, Donostiako Udalari gomendatzen zaio neurri egokiak har ditzala, luze gabe, kexan salatutako trafikoko araudiaren urraketa zuzentzeko.
RSS
Bikaintasunarekin konpromisoa - Compromiso con la excelencia
sello accesibilidad   sello accesibilidad