ARARTEKOAK GAUBEAKO UDALARI GOMENDATU DIO UDAL JARDUERAK EGITEN JARRAI DEZALA ABANDONATUTA DAGOEN ERAIKIN BATEN INGURUAN SEGURTASUNA ETA OSASUNGARRITASUNA BERMATZEKO


Karankan bizi den pertsona batek azaldu zigun herri horretako eraikin bat kontserbazio-egoera txarrean zegoela. Eraikin hori aspaldiko udal biltegi bat da eta, duela zenbait hamarkada, abandonatuta dago. Dirudienez, eraikinaren teilatua uralitaz egina dago, eta material horrek amiantoa eduki dezakeenez gero, arriskutsua izan daiteke pertsonen osasunerako.


Vitoria-Gasteiz

2011n kexagileak arazo hori azaldu zuen idazki baten bidez, baina denbora luzea igaro den arren, inon ez dago jasota neurriak hartu direnik Gaubeako Udalak esku har dezan eta eraikin hori behar bezala iraunarazteko betebeharrak betearaz ditzan.

2016ko otsailean, Arartekoak kexa bat bideratu zuen gai horren gainean, eta udalari ebazpen bat igorri eta eskatu zion zegokion administrazio-espedientea has zezala, pertsonei balizko kalterik ez eragiteko eta eraikin horren segurtasun eta osasungarritasun arazo guztiak konpontzeko.

Urtebete geroago, kexagileak berriz jakinarazi zuen arazoa ez zela konpondu. Udalarekin harremanetan jarri ginen berriro, eta hark adierazi zigun biltegi hori enkante publikoan esleitu zela, baina ez zela eskriturak sinatzeko aukerarik izan, esleipendunarekin harremanetan jartzerik izan ez zutelako.

Gaubeako Udalak behin eta berriz dioenez, badaki zein egoeratan dagoen eraikina, baina ez du jarduterik izan, eraikinaren jabetzarekin eta administrazio batzarraren erregistro-titulartasunarekin zerikusia duten zertzelada batzuengatik.

Hirigintza arloko legeriaren arabera, udal administrazioak ezin uko eginezko ahalmena du eraikinak iraunarazi eta zaintzeko legez ezarrita dauden betebeharrak betearazteko eman diren aginduak bete daitezen bermatzeko.

Horregatik, Arartekoak Gaubeako Udalari gomendatu dio administrazio-espedientea has dezala, beharrezko neurriak har daitezen, hala badagokio, pertsonei balizko kalterik ez eragiteko eta eraikin horren segurtasun eta osasungarritasun arazo guztiak konpontzeko.

Vitoria-Gasteiz, 2018ko martxoaren 13a

 
RSS
Bikaintasunarekin konpromisoa - Compromiso con la excelencia
sello accesibilidad   sello accesibilidad