ARARTEKOAREN ERAKUNDE-ADIERAZPENA, ARRAZAKERIA DEUSEZTATZEKO NAZIOARTEKO EGUNA DELA ETA


2019ko martxoaren 21a

Arartekoak eskatzen du gogoeta egin dadila pertsona desberdinen kontrako gorrotozko adierazpenek dituzten ondorio ezin txarrago eta kontrolaezinez, eta beharrezko egoera sor dadila arrazakeria eztabaida publikotik kentzeko.


Vitoria-Gasteiz

Nazioarteko oroitzapen-egun hau baliatuta, Arartekoak dolumin sakona erakutsi nahi die ostiralean, martxoak 15, Zeelanda Berrian egindako atentatu gaitzesgarriaren biktimei, haien familiei eta lagunei. Giza eskubideen defendatzaile honek biziki gaitzesten du errugabeen kontra burutu den izu-ekintza hori, gorroto doilortuak, nagusitasunezko sinesteek eta aurreiritzi zitalek eragindakoa. Horrela jokatzen dutenek baztertu egin nahi dituzte beraien jatorrizko erlijio, kultura, etnia edo bestelako arrazoiengatik ezberdinak diren pertsonak.

Arrazakeriak eta xenofobiak eragindako horrelako eraso bortitz gupidagabeek ondorio bakarra dute: inolako zentzurik gabe, izugarrizko mina sortzea eta etsaitasun eta sufrimendu giroa piztea. Horren aurrean, Arartekoak beti eskatzen du, baina gaur bereziki, gogoeta egin dadila ezberdinaren kontrako gorrotozko adierazpenek dituzten ondorio ezin txarrago eta kontrolaezinez, eta beharrezko egoera sor dadila arrazakeria eztabaida publikotik kentzeko. Euskal gizarteak aurrera egiten jarraitu behar du, demokrazia arloan aurreratuta dauden gizarteen parean, eta partekatutako konpromisoak ahalbidetu behar ditu gutxiengo etnikoak babesteko. Ahalegin horretan, gure gizarteak eta erakundeek elkar hartuta jardun behar dute, halabeharrez, Europan eta munduan giza eskubideak erabat indarrean dirautela diotenekin batera, elkarrekin senide-sentimenduak eta errespetua garatuz, gizon-emakume guzti-guztien duintasunaren alde.

Horregatik, Arartekoak aholkatzen du hainbat neurri, politika, ekintza eta portaera susta daitezela pertsonen arteko elkartasuna bultzatzeko. Gizon edo emakume bakoitza, aldi berean, bakarra eta besteak bezalakoa da. Besteak bezalakoa, oinarrizkoak eta ezin besterenduzkoak diren eskubide-askatasunak bereizkeriarik gabe baliatzeko orduan. Bakarra, bere aniztasuna errespeta dadin bermatzeko orduan. Aniztasunean berdintasuna bermatzea: horra erronka, bakean eta bizikidetzan oinarritutako geroa nahi duten XXI. mendeko gizarteek aurre egin beharrekoa. Hori lortzeko, agerian jarri beharko da kultura-aniztasunak denon ondareari egiten dion ekarpena, eta bultzatu egin beharko dira herrien arteko senidetasuna eta norberaren duintasuna errespetatzea ahalbidetzen duten erreferente politiko eta sozialak, pertsona bakoitzak berez dituen oinarrizko eskubide-askatasunak nahitaez eta oro har baliatuko dituela bermatuz.

Vitoria-Gasteiz, 2019ko martxoaren 20a

 
RSS
Bikaintasunarekin konpromisoa - Compromiso con la excelencia
sello accesibilidad   sello accesibilidad