BILBOKO UDALARI GOMENDATU DIOGU NEURRIAK HAR DITZALA ETXEBIZITZA DUIN ETA EGOKIA IZATEKO ESKUBIDEA BERMATZEKO



Vitoria-Gasteiz

Herritar batek adierazi zigun ez zegoela ados Bilboko Udalaren etxebizitza sailaren mende dagoen udal etxebizitzen tokiko organismo autonomoaren jokaerarekin, izan ere, ez zen gauzatu berak etxebizitza aldatzeko egin zuen eskaera.

Kexagileak babes publikoko etxebizitza bat errentan hartuta zeukan, eta etxebizitza aldatzeko eskatu zuen, hark ez baitzeuzkan, bere ustez, beharrezko bizigarritasun-baldintzak.

Etxebizitzak 50 m2-ko azalera zeukan, gutxi gorabehera. Adierazi zuenez, bizikidetza-unitatea sei lagunek osatzen zuten eta, etxean toki gutxi zegoenez gero, etxebizitza handiagoa behar zuten. Azkenik, toki faltagatik, bere alaba adingabeetako batek sukaldean lo egin behar izaten zuela erantsi zuen.

Udal etxebizitzen organismo autonomoak onartu egin zuen etxebizitza-aldaketa, baina interesdunak Arartekoari kexa-idazkia egin zionean, artean ez zioten eskaini bere ezaugarri bereziei egokitutako etxebizitzarik.

Oro har, ontzat jotzen dugu Bilboko Udalak egin duen ahalegina etxebizitza bat legez hartzeko eskubidea bermatzeko.

Hala ere, gure iritziz, gaur egun, 3/2015 Legearekin bat etorriz (lege horrek arautu du etxebizitza duin, egoki eta irisgarria izateko eskubide subjektiboa, Eusko Legebiltzarrak onetsitako lege autonomiko baten bitartez), kexagileak eta bere bizikidetza-unitateak etxebizitza duina izateko duten eskubide subjektiboari ez zaio behar bezala erantzuten ari.

Horregatik, Bilboko Udalari hauxe gomendatu diogu: udal etxebizitzen tokiko organismo autonomoaren bitartez, ahal bezain pronto gauzatu dezala etxebizitza-aldaketa, oraingoa neurriz gain okupatuta dagoela egiaztatzen jarraitzen bada.

Vitoria-Gasteiz, 2018ko urtarrilaren 11

 
RSS
Bikaintasunarekin konpromisoa - Compromiso con la excelencia
sello accesibilidad   sello accesibilidad