EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOAN BITARTEKOTZA EGITEA


Arartekoaren txosten berezia


Vitoria-Gasteiz

Arartekoa eta bitartekotza

Arartekoak arretaz aztertu ditu bitartekotzak Euskadin izandako bilakaera eta finkapena, eta gatazkak konpontzeko ordezko sistema hori bultzatu du gure herrialdean.

Familien gainzorpetzeak eta etxegabetzeek, espazio publikoen erabilerak, auzo-elkarteen eta gazteentzako lonjen erabiltzaileen arteko bizikidetzak, besteak beste, eskubideekin eta gizarte-prestazioekin lotutako gatazkak sortzen dituzte. Gatazka horiek denek Arartekoaren interesa areagotu dute kalapitak konpontzeko elkarrizketa-bide desberdinen inguruan, baita ere herritarrei arlo hori kudeatzeko kalitateko baliabideak emateko orduan administrazioak duen inplikazioaren gainean.


Zergatik horrelako txosten bat?

Bitartekotza gizarte-gatazkak kudeatu eta konpontzeko sistema eraginkorra, parte harrarazlea, bakegilea eta erabilgarria dela uste baldin bada, honelako galderak sortzen dira: Horrelako zer tresna eta baliabide daude Euskadin? Zer politika erabiltzen dira baliabide horiek sustatu eta sendotzeko? Zer egin behar da gure gizartean gatazkak hitz eginez kudeatzeko baliabideak ezarri eta indartzeko?


22 ondorio eta 21 gomendio

Gatazkak konpontzeko orduan, gure autonomia erkidegoak tinko egin du apustu prozesu tradizionalak ez diren metodoak erabiltzearen alde. Azterlanak jasota utzi du egindako lan bikaina, eta ontzat jo ditu garatutako ekimenak eta proiektuak. 


Bitartekotza-prozesuetan parte hartu dutenen iritziak aldekoak dira, argi eta garbi; horrek bermatu egiten du bitartekotza bultzatu eta sendotzeko premia.

Hiru galdeketa egin dira: bi bitartekotza-zerbitzu publikoen erabiltzaileei eta beste bat profesional eta operadore juridikoei.

Horien artean, %78,89k akordio bat onartu zuten bitartekotza-prozesuaren bitartez. Galderei erantzun dieten pertsonetatik ia erdiak "oso ados daude" alde guztien mesederako dela.

%75en ustez, prozesuak kalitate "ona" 
edo "bikaina" du, eta berriz erabiliko lukete etorkizunean gatazkarik izango balute. %82,5ek diotenez, akordioak betetzen ari dira.

Bitartekotza arloko profesionalei eta operadore juridikoei egindako inkestak agerian jarri du oso aldeko balorazioa egin dela: %52k uste dute eragin konpontzailea duela harreman pertsonaletan. %91k baikor ikusten dute bitartekotzaren etorkizuna Euskadin.

Euskal administrazio publikoak ahalegin handia egin du kalitateko bitartekotza eta justizia konpontzailea eskaintzeko. Erakundeen apustu irmo horri esker, eta arlo horretako profesionalek burututako lanari esker, zerbitzuok sendotu egin ahal izan dira eta EAE horrelako zerbitzu publikoen erreferente bilakatu da, Estatuan nahiz nazioartean.

Administrazioak aurrera egin behar du arlo honetan ikuspegi bateratua lortzeko, sailen eta erakundeen arteko koordinazio eta plangintza estrategietan oinarrituta. Zeharkako ikuspegia behar da, dauden baliabideak ikusgarri egiteko.

Bitartekotzari buruzko araudi orokor bat behar da, Europako oraingo joeran txertatuko dena eta Euskal Herriko Familia Bitartekaritzari buruzko otsailaren 8ko 1/2008 Legean hasieran aurreikusi ziren eremuak zabalduko dituena.

Herritarrek bitartekotza-baliabideak eta gatazkak konpontzeko beste bide batuk ezagut ditzaten sustatu beharko litzateke.

Bitartekotza honela ikusi behar da: gizarte osoarentzat baliabide erabilgarria, guztiek eskura dutena eta alderdien interesetarako balio duena, bizikidetza hobea izateko eta gizartean bakea hobeto ezartzeko.
Egiaztatu da euskal administrazio publikoak, bitartekotza-zerbitzuak dituen arren, tresna horiek ez dituela erabiltzen bere barruko eremuan sorturiko gatazketan, ezta ere herritarrekiko harremanetan pizten direnetan.

Komenigarritzat jotzen da gurasotasun-koordinatzailearen irudia gehitzea, familiako prozesu judizialetan sortzen diren auziak direla eta.

Vitoria-Gasteiz, 2019ko abenduaren 17a

 
GAI HONEKIN LOTUTAKO DOKUMENTUAK
Txosten bereziak
Euskal Autonomia Erkidegoan bitartekotza egitea Euskal Autonomia Erkidegoan bitartekotza egitea
RSS
Bikaintasunarekin konpromisoa - Compromiso con la excelencia
sello accesibilidad   sello accesibilidad