FAMILIA UGARIEI ZER AGIRI ESKATZEN ZAIZKIE GIZARTE-BONUA JASO AHAL IZATEKO GAI HORREN GAINEKO KONTSULTA BATI ERANTZUN DIO ARARTEKOAK



Vitoria-Gasteiz

Pertsona batek kontsulta egin zion Arartekoari. Kontsulta-egilea "comercializadora del último recurso" (CUR) deritzan argindar-zerbitzuen enpresara joan zen, gizarte-bonua eskatzera, familia ugaria osatzen baitu. Bonu hori urriaren 6ko 897/2017 Errege Dekretuan xedatuta dago ‑horren bidez arautzen dira kontsumitzaile kalteberaren irudia, gizarte-bonua eta etxeko argindar kontsumitzaileak babesteko beste neurri batzuk‑.

Kexan azaldu zuenez, enpresa horrek, familia ugariaren liburuaren ziurtagiria ez ezik, familia-unitateko kide guztien PFEZ aitorpena ere eskatu zion. Kexagilearen ustez, neurriz gainekoa da bere errenta-ahalmenari buruzko datu pertsonalak biltzen dituen dokumentazio hori aurkeztu behar izatea kontsumitzaile kalteberaren mailako eskaera egiteko. Informazio hori garrantzitsua eta eskatzeko modukoa izango litzateke kontsumitzaile kaltebera larrien kasuan, baina berak zuen halako eskaerarik egin.

Aipatutako errege-dekretuak eta ondorengo agindu batek definitzen dute kontsumitzaile kalteberaren irudia, baita hark gizarte-bonua eskatzeko bete eta egiaztatu behar dituen baldintzak ere, gizarte-ezaugarrien, kontsumoaren eta errenta-mailaren arabera.

Araudi horretan ezarritakoari jarraiki, familia ugariak direnean, "kontsumitzaile kaltebera larria izateko baldintzak egiaztatzeko" bakarrik aztertuko da errenta-ahalmena.

Hori dela eta, adierazi beharra dago zer dioen Datu Pertsonalak Babesteko Legean biltzen den datuen kalitatearen printzipioak. Printzipio horren arabera, datu pertsonalak kasu bakar batean bildu ahal izango dira, gero tratatzeko: egokiak eta bidezkoak direnean, ez gehiegizkoak, kontuan hartuta zein esparrutan lortu diren eta zein xede zehatz, argi eta legitimo dituzten.

Beraz, Arartekoaren iritziz, gizarte-bonua espresuki kontsumitzaile kaltebera larriaren mailan eskatzen duten familia ugariei soilik eska lekieke errenta-baldintzak betetzen dituztela egiazta dezatela; ez, ordea, bonu hori kontsumitzaile kaltebera gisa eskatzen duten gainontzeko familiei.

Vitoria-Gasteiz, 2018ko otsailaren 7a

 
RSS
Bikaintasunarekin konpromisoa - Compromiso con la excelencia
sello accesibilidad   sello accesibilidad