FAMILIAREN NAZIOARTEKO EGUNA DELA ETA, ARARTEKOAREN ERAKUNDE ADIERAZPENA


2016ko maiatzaren 15a

Arartekoak Euskadiko botere publiko guztiei eskatzen die politika publikoen ardatz nagusi bihur dezatela familia


Vitoria-Gasteiz

Igandean familien nazioarteko eguna dela bide, aurten ere Arartekoak botere publiko guztiei eta gizarte osoari gogorarazi nahi die familia pertsona guztien euskarri material eta afektibo nagusia dela; norberaren bizi-garapena sostengatzen eta sendotzen duela; pertsona oso bezala hazarazten gaituela, eta gizartean herritar aktibo eta arduratsu moduan eboluzionarazten digula.

Aintzat hartu beharra dago gurasoen hazkuntza eta heziketa lana, baita familien funtsezko betekizun hau ere: haurrak, adin nagusikoak, gaixoak edo mendekotasun egoeran daudenak eta, azken batean, pertsona guztiak zaindu eta haien euskarri material eta emozionala izatea. Aintzatespen horren ondorioz, botere publikoek laguntza argi eta garbia eman behar die familiei, familiak politika publiko guztien erdian zeharkako ardatz gisa jarriz.

Familien beharrak gizarte osoaren ardura dira. Horregatik, euskal botere publikoek ahalegin guztiak egin behar dituzte beharrezko mekanismoak modu egokian erabakitasunez abiarazteko orduan, familiei zenbait baliabide eskaini behar baitzaizkie beren gain hartzen duten oinarrizko eginkizuna ¿gizartea babestea bete dezaten errazteko. Hori are garrantzitsuagoa da ziurgabetasun eta ahultasun handieneko boladetan, izan ere, familiek gero eta arazo gehiago topatzen dituzte beren gain hartutako ardura izugarriak betetzeko. Familien bizi-kalitatea eta ongizatea hobetzeko politikak sustatu eta sendotzen dituzten gizarteek argi erakutsi dute oso lagungarriak eta eraginkorrak direla gizakiaren garapen orokorra lortzeko, baita kohesio ekonomiko eta soziala erdiesteko ere.

Horregatik guztiagatik, ezinbestekoa iruditzen zaigu politika publikoetan familien ikuspegia kontuan hartzea, eta ikuspegi hori indartzea legeria, estrategiak, plan eta proiektuak egin eta gauzatzerakoan, baita ere administrazioen erabakitze-prozesuetan, zehatz-mehatz ebaluatu dadin politika sozial eta ekonomikoek zer-nolako eragina duten familiengan.

Bukatzeko, nahitaez aipatu behar dugu gurea bezalako oraingo gizarte aurreratuetan ikaragarrizko garrantzia duela emakumeen eta gizonen berdintasun printzipioak, eta garrantzi horrek, ezinbestean, hainbat neurri hartzea ekarri behar duela berekin, baldin eta ziurtatu nahi bada familia eta lana bateragarri egingo direla, eta emakumeek eta gizonek ardura partekatuko dutela familia-eginkizunak beren gain hartzean. Oinarrizko printzipioa da hori gizarte-justizia lortzeko, garapen pertsonala eta profesionala izateko, eta familia-bizitzak berak bilakaera ona izateko. Botere publikoek horrexegatik defendatu behar dute printzipio hori, eta, beharrezko baliabideak erabiliz, beteko dela ziurtatu.

Vitoria-Gasteiz, 2016ko maiatzaren 13a

 
RSS
Bikaintasunarekin konpromisoa - Compromiso con la excelencia
sello accesibilidad   sello accesibilidad