IRISGARRITASUNA SUSTATZEKO EUSKAL KONTSEILUAREN OSOKO BILKURA



Vitoria-Gasteiz

Irisgarritasuna Sustatzeko Euskal Kontseiluaren osoko bilkuran parte hartu du gaur Manuel Lezertua arartekoak, Gasteizen, Lehendakaritzan.

Bilkura berezi horretan, Iñaki Arriola sailburu eta Kontseiluko presidentea buru zela, Iñigo Urkullu lehendakariak erakunde-adierazpen bat eman du ezagutzera, izan ere, atzo, abenduak 3, Ezinduen Nazioarteko Eguna ospatu zen, eta gaur, hain zuzen, 20 urte bete dira Irisgarritasuna Sustatzeko abenduaren 4ko 20/1997 Legea onartu zenetik.

Bere mintzaldian, arartekoak hauxe esan du: "lege hori bereziki aurreratua zen, ez bakarrik gizarteko eredua barneratzen zuelako, baizik eta baita ere diseinu unibertsalaren filosofiak berezko dituen tesietan oinarritzen zelako".

Alabaina, honako hau ere nabarmendu du: "konturatu behar dugu ezinduen eskubideak bermatzeko lan egin nahi bada, euskal herri-administrazioek aniztasun funtzionalaren zeharkako ikuspegia izan behar dutela etengabe erakunde-agendan, ikuspegi hori iraunkorra izan dadin bai haiengan eragin dezaketen politika publiko guztien plangintza egitean, bai horiek gauzatzean".

Irisgarritasuna Sustatzeko Euskal Kontseilua kontsulta-erakunde bat da eta bertan parte hartzen dute administrazioek, erakundeek, ezinduen ordezkari diren elkarteek, erabiltzaileek, sustatzaileek eta lanbide-elkargoek. Irisgarritasun-araudia betetzeari buruz ikertzea eta informazioa biltzea da bere eginkizun nagusia.

Vitoria-Gasteiz, 2017ko abenduaren 4a

 
RSS
Bikaintasunarekin konpromisoa - Compromiso con la excelencia
sello accesibilidad   sello accesibilidad