JARDUNALDIA: "EMAKUMEAK ESPETXEAN, ZAILTASUN GEHIAGO"



Vitoria-Gasteiz

Gaur emakumeen kontrako indarkeria deuseztatzeko nazioarteko eguna da. Hori ospatzeko, Arartekoak, Eusko Legebiltzarrarekin elkarlanean, honako izenburuko jardunaldia egin du: "Emakumeak espetxean, zailtasun gehiago".

Topaketa horren bidez, jendea sentikorrago bihurtzen lagundu nahi da, oso ezaguna ez den errealitate baten aurrean: hain zuzen, emakume presoen egoera eta espetxealdian dituzten zailtasunak, emakume eta ama diren aldetik; izan ere, leku horietan, emakumeek are baliabide gutxiago izaten dituzte beren egoera ikusgarri egiteko eta benetan ahalduntzeko.

Jardunaldia Eusko Legebiltzarrean egin da eta Bakartxo Tejería euskal Ganberako presidenteak eta Manuel Lezertua arartekoak eman diote hasiera.

Bere mintzaldian, arartekoak hauxe esan du "emakume bat espetxeratzen dutenean hiru zigor nozitzen ditu". Izan ere, gizarteak oro har gogorrago gaitzesten du emakumea gizonezkoa baino, hark delitu bat egiten duenean. Gainera, emakume presoak familia-deserrotze izugarria jasango du, berak askatasuna galtzean familia desegingo baita. Hori ez da beti hala gertatzen espetxeratutakoa gizonezkoa denean. Azkenik, espetxean dagoen emakumeak gizonezkoak baino baldintza gogorragoak izango ditu zigorra betetzeko, emakume izate hutsagatik:

Gero Isabelle Romek hartuko du hitza. Versaillesko Apelazio Gortean magistratua da bera, eta Dans une prison de femmes liburuaren egilea. Azterlan horretan atera dituen ondorioen berri emango du.

Romek adierazi duenez, "espetxeratzeak gorabehera larriak eragiten ditu emakumeen organismoan, eta sufrimendu hori areagotu egiten da, gainera, espetxeratu aurretik zaintzen ez bazen edo gaizki tratatzen bazen; adibidez, alkoholaren edo drogen mende dauden emakumeen kasuetan".

Espetxeko baldintzak are latzagoak dira amentzat, familiarekiko harremana bereziki zaila baita, batez ere zigorra luzea bada.

Bukatzeko, mahai-inguru batean, Euskadiko emakume presoen egoeraz eztabaidatu dute Ruth Alonso Bilboko Espetxe Zaintzako magistratu epaileak, Juan Calparsoro Euskadiko fiskal nagusik eta Estíbaliz de Miguel ikertzaile eta "Sin rejas" sareko koordinatzaileak.

Vitoria-Gasteiz, 2015eko azaroaren 25a

 
GAI HONEKIN LOTUTAKO DOKUMENTUAK
Actividades
Arartekoaren interbentzioa (25-11-2015) Arartekoaren interbentzioa (25-11-2015)
RSS
Bikaintasunarekin konpromisoa - Compromiso con la excelencia
sello accesibilidad   sello accesibilidad