MARTXOAREN 17A: GIZARTE-LANAREN MUNDUKO EGUNA


"Pertsonen duintasuna eta balioa sustatzea"

Oinarrizko gizarte zerbitzuek Gizarte Zerbitzuen Sistemaren muin nagusia izan behar dute eta funtsezkoak dira pertsonen beharrak artatzeko eta ahultasun egoerak antzeman eta haiei aurre egiteko.


Vitoria-Gasteiz

"Pertsonen duintasuna eta balioa sustatzea" goiburuarekin, gizarte-lanaren munduko eguna ospatuko da bihar. Ospakizun horrekin batera, Arartekoak eta Euskadiko gizarte-laneko profesionalen elkargoetako presidenteek baterako adierazpen bat argitaratu dute eta bertan ondorio hau atera dute: oinarrizko gizarte-zerbitzuak funtsezkoak dira bai pertsonen beharrei erantzuteko, bai ahultasun egoerak antzeman eta haiei heltzeko. Hala ere, alde handia dago Gizarte Zerbitzuen Legeak zerbitzu horiei ematen dien eginkizunaren eta egin ahal izaten ari diren lanaren artean; alde hori are nabarmenagoa da oraingo krisi egoeran.

Egun horretan, giza eskubideak defendatzeko mobilizazioa eta komunitate-ekintza azpimarratu nahi ditugu, baina, aldi berean, agiri bat zabaldu nahi dugu. Agiri horretan bildu dira 2014ko ekainean egindako baterako jardunaldian gizarte-langileek eta beste parte-hartzaile batzuek emandako iritziak. Topaketa hartan aztertu ziren Arartekoak txosten berezi honetan ateratako ondorioak eta egindako gomendioak: Euskal Autonomia Erkidegoko oinarrizko gizarte zerbitzuen egoera.

Jardunaldiaren ondorio etan berriro nabarmendu genuen baliabide egokiak abiarazi behar direla Arartekoaren txosten berezi horretako gomendioak betetzeko, eta adierazi genuen gaur egun zailtasunak daudela, eredu komunik eta finantza-egonkortasunik ez dagoelako, baita ere udalerriak zatituegi daudelako eta tamaina askotakoak direlako. Orobat, azpimarratu genuen zein garrantzitsua den gizarte-lan komunitarioa indartzea, erakundeen artean erabakiak adostea eta zerbitzuak eta pertsonentzako gizarte-arreta hobetuko dituen araudi bat egitea. Ezinbestekoa da administrazioen arteko lankidetza eta koordinazioa, batez ere Lanbiderekin.

Topaketa horretan egindako ekarpenak eta ateratako ondorioak abiapuntu hartuta, eta kontuan izanda aurrekoa egin zenetik aldaketa batzuk gertatu direla testuinguru sozioekonomikoan, araudian eta antolaketan, eta aldaketok eragin handia izan dutela oinarrizko gizarte-zerbitzuetan, Ararteko erakundeak beste txosten bat egingo du, jakin nahi baitu udalen gizarte-zerbitzuak nola erantzuten ari diren herritarrek azaldutako beharrei, indarreko araudiak eman dien eginkizunaren eta erantzukizunaren ikuspegitik. Horretarako, azken urteotan udalen gizarte-zerbitzuek zer-nolako bilakaera izan duten aztertuko da eta beren iritzia eskatuko zaie gizarteko eta erakundeetako eragileei.

Ateratzen diren ondorioetan oinarrituta, Arartekoak hainbat gomendio egingo ditu, udalen gizarte-zerbitzuak eta, horien barruan, oinarrizko gizarte-zerbitzuak hobetzeko. Txostena urtean zehar prestatuko da eta 2015eko bukaera aldera amaituta egotea espero da.

Vitoria-Gasteiz, 2015eko martxoaren 16a

 
RSS
Bikaintasunarekin konpromisoa - Compromiso con la excelencia
sello accesibilidad   sello accesibilidad