POBREZIA ERROTIK KENTZEKO NAZIOARTEKO EGUNA: DENENTZAKO GIZARTEA



Berria, Gara, Deia, Noticias de Gipuzkoa

Ararteko erakundean jasotzen ditugun kexetako asko gizarte-gaiekin lotuta egoten dira eta oso kezkagarriak dira, izan ere, oinarrizko beharrei (etxebizitza edo jatekoa) aurre egiteko zailtasunak aipatzen dituzte, eta lan duina aurkitu ezina. Pertsona batzuek izugarrizko arazoak dauzkate gure gizartean beren egoera hobetzeko, orientazioa eta laguntza behar dituzte, baita ezberdinari leku egingo dion lan-merkatu gizatiarragoa ere. Helburu horiek lortzeko egiten den gastu publikoa balioetan inbertitzea da, familia askori aukerak ematen inbertitzea. Pobreziaren tasa gutxitzea adierazle positiboa da gizarte batean, berekin baitakartza justizia eta gizatasuna, eta horrekin batera, gaitasuna.

Pobrezian eta gizartean baztertuta dauden pertsonekin bizi gara, baita txirotasun larrian daudenekin ere. Europan gora egin du baztertuen kopuruak. Europa munduko alderik aberatsenetako bat da, baina europar biztanleetatik %17k, hau da, Europako 80 milioi pertsona inguruk, ez daukate beren oinarrizko beharrak asetzeko behar beste baliabide. Gabezia horiek beste kontinente batzuetan ere pairatzen dituzte, batik bat Afrikan eta Asian. Bi kontinente horietako zenbait tokitan dagoen pobreziaren eta sufrimenduaren portzentajea lotsagarria da gure herrialdeentzat.

Mundu globalizatu eta elkarrekin komunikatutakoan bizi gara. Horregatik, ez dago elkarren arteko distantziarik eta ezagutzen dira gobernuen goi bileretan eta haien finantza- eta ekonomia-antolaketetan hartzen diren erabakiek zer-nolako ondorioak dituzten lurreko biztanleen bizitzetan, oraingoen nahiz geroko belaunaldienetan. Uneotan, kontua ez da honelako edo halako herrialde-multzoaren jarrera begiko izatea, lehen gertatzen zen bezala, baizik eta apustu irmoa egitea hezkuntza, osasuna, azpiegiturak eta etxebizitza hobetzearen alde, apustu irmoa egitea merkataritza-truke bidezkoak, lan-harreman zuzenak eta ekonomia iraunkorra egon daitezen.

Gizakiak kontzientzia-maila jakin bat erdietsi du eta pertsona anitzen beharrei aurre egitea ahalbidetzen duen teknologia garatu du. Sistema politiko demokratikoen arabera antolatzen ere jakin du, eta sistema horiek gizarte ongizatea eta errespetua ematen diete biztanle ugariri. Horregatik, hain zuzen, pentsamendu politiko eta ekonomikoan eta zientzietan egiten diren aurrerapen guztietatik ikasi behar dugu, eta aurrerapen horiek gauzatu, baztertutako biztanle-sektoreek eta beste kontinente batzuetako biztanleek bizimodu duina izan dezaten.

Laburbilduz, kontua da elkartasunaz eta harreman zuzenez mintzo diren adierazleen bidetik jotzea, eta ez pobrezia eta bazterketa tasak igotzeaz mintzo direnen bidetik. Gizarte bazterketaren aurka borrokatzeko, ezinbestekoa da ez bakarrik gizarteko baliabideak eta programak gehitzea, baizik eta baita hori sortarazi duten arrazoiak aztertzea eta sakon hausnartzea. Orobat, benetako konpromisoa hartu behar dugu gizarteko dualizazio egoerak ekiditeko, hau da, gizarte berean bi biztanleria ezberdin egon ez daitezen, bata eskubide zibil, politiko eta sozialak dituena, eta bestea, eskubide horiek ez dituena.

Azken berrogeita hamar urteotan, estatu ugarik sartu dute beren legerian norberaren oinarrizko eskubideak errespetatu eta babesteko betebeharra. Gizakien aldeko nazioarteko zuzenbideak halako neurrian aurrera egin du, non une hauetan Nazio Batuek onartzen baitute eskubide sozialak, zibilak eta politikoak elkarrekin lotuta daudela. Eskubideen elkarren mendekotasun horrek eskubide sozialak gehiago babes daitezen eskatzera garamatza, eta, horrekin batera, bazterketaren kontrako borrokatzeko politika eraginkorrak abiaraztera.

Euskadin hainbat tresna garatu dira gizarte bazterketaren aurka borrokatzeko, eta emaitza onak lortu dira. Beraz, aurrez egindako lanak eman digun oinarri sendoa dugu. Lan horri eusten dioten printzipioei esker, horien izaera unibertsalari esker, pobreziaren adierazle apalak ditugu, beste toki batzuekin alderatuta. Euskadiko Gizarte Zerbitzuen Sistemari esker, familia askok ahultasun-egoerei aurre egin ahal izaten diete. Politika horien bitartez, pertsona autonomoak sustatu behar dira. Gizarte bazterketaren aurkako borroka ere eraginkorra da, gizarte osoari balioak ematen dizkiolako eta Barne Produktu Gordinean eragina duelako (Eusko Jaurlaritzaren Lan eta Gizarte Gaietako Sailak oraintsu egin duen azterlan batek dioenez) eta, batez ere, denok elkar aintzat hartzen dugun gizarte solidarioaz mintzo delako.

Gogoan izan behar da gizartean marjinazioa areagotzen denean, gizarte osoarentzat lan aktibo eta mesedegarria egin dezaketen biztanle-sektoreak baztertzen direla, baina, horrez gain, herritarrengan segurtasunik eza, haurrengan babesik eza edo beste herritar batzuei kalte egiten dieten ¿bizirauteko portaerak¿ sortzen direla.

Politika sozialek, bazterketa egoerak saihesteaz gain, gizarte osoari onura ekartzen diote, pertsona aktibo gehiago baitago esku hartzen, elkar trukatzen, proposatzen. Pertsonengan inbertitzea, adoretsua ez ezik, onuragarria ere bada; horregatik, gaur ospatzen den egun garrantzitsu honetan, Arartekoak berriz ere adierazi nahi du denok garela beharrezkoak, eta aberastasunak zifrak baditu ere, askok partekatzen duten aberastasuna, sufrimendua eragozten duen aberastasuna dela zirrara sakona eragiten duena.

Iñigo Lamarca, Julia Hernández, Itziar Barrenkua
Ararteko erakundeko titularra, ondokoa eta arloko koordinatzailea

 
RSS
Bikaintasunarekin konpromisoa - Compromiso con la excelencia
sello accesibilidad   sello accesibilidad