UDAL GIZARTE ZERBITZUEN EGOERA EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOAN. Egungo egoera eta hobetzeko proposamenak


ARARTEKOAREN TXOSTEN BEREZIA


Vitoria-Gasteiz

Ez da berria Arartekoak lehen arretarako gizarte zerbitzuei eskaintzen dien ardura. Herritarrei egunero erantzuteko beharrezkoa den ezagutza eta jarraipen-lanaz gain, jada 1999an eta 2010ean bi txosten berezi aurkeztu zizkion Eusko Legebiltzarrari. Orduz geroztik, ordea, aldaketa garrantzitsuak gertatu dira, dudarik gabe, gizartean, politikan eta araudian:

· Krisi ekonomikoa sendotu da, pobrezia eta gizarte-bazterketa areagotuz;

· Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuari eskualdatu zaio Diru-sarrerak bermatzeko errentaren (DBE) kudeaketa;

· Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren prestazio eta zerbitzuen zorroari buruzko dekretua onartu da, baita Gizarte Zerbitzuen Plan Estrategikoa ere. Azken horren barruan agertzen da gizarte zerbitzuen mapa.

Aldaketa horiek denek eragin nabarmena izan dute Gizarte Zerbitzuen Euskal Sisteman, oro har, eta oinarrizko gizarte zerbitzuetan, bereziki.

Orobat, adierazi genuenez, udal gizarte zerbitzuak sendotzea espero zen (diru-sarrerak bermatzeko errenta kudeatzetik "libre" geratu eta gizarte zerbitzuen sistemarako sarbide izatearen eginkizuna bereganatu ondoren), baina sendotze hori ez da gauzatu. Aitzitik, Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren ahulgunea izaten jarraitzen dute, antza.

Behin puntu horretara iritsita, Ararteko erakundeak oinarrizko gizarte zerbitzuen egoerari buruzko analisia eguneratzeko aukera aztertu zuen, eta orain udal gizarte zerbitzu guztietara hedatu du azterketa hori, zerbitzu horien premia duten pertsonen beharrei eta eskaerei modu egokian erantzuteko orduan dituzten arazoen ikuspegitik.

Helburu horrekin eta ikuspegi horretatik begiratuta, txostenak hauxe eskaintzen du:

· Udal gizarte zerbitzuen eskaintzari, zerbitzu horietan diharduten langileei eta zerbitzuak finantzatzeko gastuari buruzko azterketa kuantitatiboa, azken urteotan zer bilakaera izan duen jakiteko.

· Gai hauen gaineko azterketa kualitatiboa: udal gizarte zerbitzuen egungo egoera, beraien aurrerapenak eta mugak, finantzaketa, antolaketa, erakunde arkitektura, e.a.

· Beste autonomia erkidego batzuetako udal gizarte zerbitzuen edo lehen mailako arretarako ereduaren analisia.

· Ondorioak eta gomendioak, agerian jarri diren arazoak konpontzeko.

Gomendioak egin zaizkie Gizarte Zerbitzuen Euskal Sisteman eskumenak dituzten administrazioko 3 mailei, ez bakarrik udal erakundeei. Orain azalduko ditugun gaien arabera multzokatuta daude.

Lehenbiziko biak orokorrentzat jo litezke. Lehenengoak gogorarazten du edukiz jantzi behar direla Gizarte Zerbitzuen Legeko funtsezko osagaiak, zehazkiago, gizarte zerbitzuak jasotzeko eskubide subjektiboa, erkidegoko eredua eta arreta jasotzen jarraitzeko printzipioa. Bigarren gomendioak, berriz, denboran barrena ahalegin jarraitua egiteko eskatzen du, gizarte zerbitzuen sistema unibertsal bat guztiz heda dadin 2020tik harago, data hori hartu baita aintzat administrazioek onartu eta agindu duten Plan Estrategikoko denbora-mugan.

Gomendioen bigarren multzoan, udal gizarte zerbitzuetako arlo eta sailetan esku-hartzeko lana aipatzen da. Eskatzen da arduradun politiko eta teknikoek onar dezatela gizarte-lana eta horren eragina garrantzitsuak direla, ez bakarrik norberaren ongizatean, baizik eta baita ere gizarte-kohesioan eta ekonomia- eta kultura-oparotasunean.

Multzo horretan bertan, bereziki nabarmentzen dira edonork bere bizi-prozesuan arreta jasoko duela bermatzeko hobekuntzak, etenik edo luzapenik gabe, baita ere pertsonen eta horiek ordezkatzen dituzten erakundeen partaidetza. Horretarako beharrezko baldintzatzat jotzen da diziplina anitzeko lantaldeak taxutzea, behar bezainbat adituk osatutakoak, eta esku hartzeko eredu komunak garatzea. Garapen hori koordinazio-egitura batean antolatuko da, oinarrizko gizarte zerbitzuei lankidetza, hausnarketa, informazioa eta laguntza teknikoa emateko.

Gomendio gehien (7) dituen multzoa udal gizarte zerbitzuek garatu beharreko programa eta zerbitzuekin lotuta dago. Legearen katalogoan udal eskumeneko zerbitzu gisa bildutako ia zerbitzu guztientzat proposamen bat egiten da etxeko laguntza, gizarte eta hezkuntza arloko esku-hartzea, esku-hartze psikosoziala, zaintzaileei laguntzea, eguneko arreta eta egoitzakoa . Horrez gain, auzolana eta prebentzio-lana sustatu behar direla adierazten da, eta sakon hausnartu behar dela zerbitzuak zuzenean egitearen ordez ematen diren prestazio ekonomikoen erabilera.

Udalen kudeaketa eta finantzaketa hobetzeko egin diren bi gomendioen bitartez, alde batetik, udalen arteko lankidetza bultzatu nahi da, udalaren ardurapeko eta udalerria baino lurralde-eremu handiagoko zerbitzuak garatzeak berez dakarren zailtasunari aurre egiteko, eta, bestetik, bermatu nahi da udal aurrekontuetan beharrezko baliabide ekonomikoak jarriko direla herritarrei udal eskumeneko gizarte zerbitzuak eskaintzeko. Izan ere, ez dezagun ahaztu herritarren eskubide subjektibo bat direla.

Arauak garatzeari eta sistema antolatzeari buruzko gomendioek bereizgarri bat dute: Gizarte Zerbitzuen Plan Estrategikoan bereziki azaltzen diren gaiei dagozkie. Plan hori hasieran aipatu dugu eta txosten hau egiten ari ginela onartu zen, 2016-2020 aldirako. Hala ere, antzeko helburuak dituztela iradoki dezaketen arren, edo, areago, tankera bereko neurriak abiaraztea proposatu, erakunde honen ustez ez dira guztiz berdinak, eta, beraz, zentzuzkoa da gomendio horiek egitea.

Multzo horretan gomendatzen da jardun dadila, informazio-sistema garatzeko, ezagutzaren kudeaketa-jarduerak bultzatzeko, prestazio eta zerbitzuen zorroa behar bezala eguneratuta edukitzeko, Gizarte Zerbitzuen Legean xedatutako araudi-garapenaz arduratzen den sailaren baliabideak indartzeko eta euskal udalerriak biltzen eta ordezkatzen dituzten elkarteen ekintza-ahalmena sendotzeko, beraien ordezkaritza-lana eta trebakuntza teknikoa hobetu ahal izan ditzaten.

Azken multzoan lankidetzari eta koordinazioari buruzko 5 gomendio egiten dira. Lehenengoak proposatzen du lankidetza protokoloak edo hitzarmenak egin daitezela, baita ere lehen mailako arretaren eta bigarren mailakoaren arteko desadostasunak konpontzeko mekanismo eragingarri bat. Beste 3 gomendio, berriz, diru-sarrerak bermatzeko sistemarekin eta osasun nahiz hezkuntza sistemekin koordinazioa hobetzeko egin dira, horiekin osoki garatutako jarduerak partekatzen baitira. Multzo honetako azken gomendioak hirugarren sektorearekin du zerikusia, eta, funtsean, berriki onartu den Hirugarren Sektoreari buruzko Legean onartutako konpromisoak bete daitezen eskatzen du.


Vitoria-Gasteiz, 2016ko abenduaren 14a

 
GAI HONEKIN LOTUTAKO DOKUMENTUAK
Txosten bereziak
Udal gizarte zerbitzuen egoera Euskal Autonomia Erkidegoan. Egungo egoera eta hobetzeko proposamenak Udal gizarte zerbitzuen egoera Euskal Autonomia Erkidegoan. Egungo egoera eta hobetzeko proposamenak
RSS
Bikaintasunarekin konpromisoa - Compromiso con la excelencia
sello accesibilidad   sello accesibilidad