ARARTEKOAK EUSKO JAURLARITZARI ESKATU DIO BEHARREZKO NEURRIAK HAR DITZALA LABI-REN BATZORDE TEKNIKOAN EMAKUMEAK GUTXIENEZ KIDEEN %40 IZAN DAITEZEN



Vitoria-Gasteiz

Herritar batek esku hartzeko galdegin zion Arartekoari, ez baitzegoen konforme Euskadiko Larrialdiei Aurregiteko Bidearen (LABI) Batzorde Teknikoa osatzen duten pertsonen izendapenarekin, izan ere, bere ustez, ez zetorren bat emakumeen eta gizonen ordezkaritza orekatuaren printzipioarekin.

Kexagileak Eusko Jaurlaritzara jo zuen, Zuzenean zerbitzua erabiliz, aipaturiko organo horretan bi sexuetako kideen ordezkaritza orekatuta ez egoteagatik kezkatuta zegoela adierazteko. Erantzunean bakar-bakarrik adierazi zioten eskertzen zituztela bere iruzkinak eta iradokizunak, eta kontuan hartuko zituztela, beste ezer zehaztu gabe.

Informazioa eskatu ondoren, Lehendakaritzak bere erantzunean Arartekoari azaldu zion zer-nolako baldintzek zehazten duten batzorde horren osaera. Baldintza horien artean, nabarmentzekoa da beste organo batzuetako titularrek osatzen dutela, epidemiologiaren lanbide-eremuaren barruan, eta eremu berezia dela, "osaera eta ezaugarri propioak dituena, eta ez dela gizonen eta emakumeen arteko orekaren araberakoa". Era berean, emakumeen eta gizonen ordezkaritza orekatua lortzeko hartu diren azken neurriak zehaztu ziren erantzunean.

Arartekoak onartzen du Eusko Jaurlaritzak ahalegin handia egin zuela osasun-larrialdia indarrean zegoenean eta neurriak hartu zituela LABIn emakumeen eta gizonen ordezkaritza orekatura hurbiltzeko, nahiz eta erakunde hori eratzeak zailtasun objektiboak eragin dituen, arlo horretan espezializatutako eskumenak dituzten beste erakunde batzuetako pertsonek osatzen dutelako.

Hala ere, gure iritziz, jarduteko tarte bat dago pertsona horiek izendatzeko; horregatik, Arartekoak Eusko Jaurlaritzari eskatu dio hasitako ahalegina egiten jarrai dezala, ordezkaritza orekatuaren printzipioa benetan gauzatu arte, baita ere LABIren Batzorde Zientifiko Teknikoaren edo geroan ezar daitezkeen izaera bereko beste instantzia batzuen osaeran.

Horregatik, Arartekoak Eusko Jaurlaritzako Lehendakaritzari gomendatu dio ziurta dezala, etorkizunean, LABIren Batzorde Zientifiko Teknikoa edo etorkizunean ezar daitezkeen izaera bereko beste instantzia batzuen osaera, gutxienez, bi sexuetako kideen %40ra iritsiko dela.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko urriaren 25a

 
GAI HONEKIN LOTUTAKO DOKUMENTUAK
Arartekoaren ebazpenak
Arartekoaren 2021R-530-21 Ebazpena, 2021eko urriaren 14koa. Horren bidez,
Eusko Jaurlaritzako Lehendakaritza Sailari gomendatzen zaio beharrezko neurriak
har ditzala, Euskadiko Larrialdiei Aurregiteko Bideari (LABI) atxikitako Batzorde
Teknikoan emakumeen parte-hartzeak ordezkaritza orekatuaren printzipioa
errespeta dezan eta, gutxienez, kideen %40era irits dadin. Arartekoaren 2021R-530-21 Ebazpena, 2021eko urriaren 14koa. Horren bidez, Eusko Jaurlaritzako Lehendakaritza Sailari gomendatzen zaio beharrezko neurriak har ditzala, Euskadiko Larrialdiei Aurregiteko Bideari (LABI) atxikitako Batzorde Teknikoan emakumeen parte-hartzeak ordezkaritza orekatuaren printzipioa errespeta dezan eta, gutxienez, kideen %40era irits dadin.
RSS
Bikaintasunarekin konpromisoa - Compromiso con la excelencia
sello accesibilidad   sello accesibilidad