Europako mekanismo berria, ingurumenaren defendatzaileak babesteko


Joan den urriko bilera batean, Europar Batasunak eta Aarhuseko Hitzarmena berretsi duten Europako 46 estatuek erabaki zuten ingurumenaren defendatzaileak babesteko Errelatoretza Berezi bat sortzea.

Aarhuseko Hitzarmenak ezartzen duenez, herritarrek informazioa jasotzeko, parte hartzeko eta justiziarako sarbidea izateko eskubideak dituzte ingurumen gaietan. Hitzarmenaren 3.8 artikuluak betebehar hau ezartzen die estatuei: berma dezatela eskubide horiek baliatzen dituzten pertsonek ez dutela zigorrik, jazarpenik edo esesterik jasango. Hala ere, Europan antzeman diren hainbat kasutan, ingurumenaren defendatzaileek kaleratzeak, isunak, mehatxuak, larderia edo indarkeria pairatu dituzte.

Horregatik, Errelatoretza Berezi bat sortu da, ingurumen eskubideak defendatzeagatik errepresaliak nozitu dituzten pertsonen kexak jasotzeko. Ez da beharrezkoa izango aldez aurretik gertakariak jazo diren herrialdeko baliabide judizialak ahitzea, eta prozedura isilpekoa izan daiteke. Kexen aurrean, Errelatoretzako arduradunak babes-neurriak agindu ahal izango ditu, diplomazia mailan esku hartu ahal izango du edo egindako kexa agintari nazionalei edo giza eskubideen arloko nazioarteko beste mekanismo batzuei bidali ahal izango die.

Aarhuseko Hitzarmena berretsi duten estatuen hurrengo bileran, 2022an, Errelatoretzaren arduraduna hautatuko dute.

 
RSS
Bikaintasunarekin konpromisoa - Compromiso con la excelencia
sello accesibilidad   sello accesibilidad