Arartekoak kexa bat jaso zuen Gasteizko Arte eta Lanbide Eskolan langileak kontratatzeko eskatzen diren hizkuntza-eskakizunei buruz. Azaldu zuenez, langileak kontratatzean, ez zen eskatu irakaskuntza-lana behar bezala betetzeko moduko euskara-mailarik, eta zertzelada horrek eragotzi egin zuen lantegiak hizkuntza horretan eskaintzea, nahiz eta ikasle batzuk elebidunak izan eta hizkuntza horretan ikasi nahiko luketen. Era berean, gogorarazi zuen Eskola fundazio baten mende dagoela, fundazio hori hainbat administrazio publikok osatzen dutela eta funts publikoak jasotzen dituela antolatzeko eta funtzionatzeko.
Arartekoak informazioa eskatu zion Fundazioari, eta hark erantzun zuen gaur egun Eskolak ez daukala berariazko hizkuntza-planik, baina zenbait neurri ezartzea aurreikusi dela, Eskolan euskara normaltasunez bizitzeko.
Arartekoaren gomendioa justifikatzen duen analisiak honako hau du abiapuntu: Fundazioa ez da euskal sektore publikokoa, nahiz eta Gasteizko Udalaren eta Arabako Foru Aldundiaren dirulaguntzak jaso.
Eskolak arautu gabeko irakaskuntza ematen du, beraz, araubide orokorreko eta bereziko irakaskuntzek ez bezalakoa, eta, hasiera batean, azken horiei aplikatzen zaizkie irakaskuntzan euskara erabiltzeari buruzko lege-aginduak. Hala ere, horrek ez du esan nahi Eskolak inolako betebeharrik ez duenik euskararen tratamenduari dagokionez, hezkuntza-araudiak hezkuntza-izaera duten eremu guztien ikuspegi integratzailea defendatzen baitu.
Gainera, dirulaguntza publikoak jasotzen dituenez gero, Fundazioak herritarren hizkuntza-eskubideak eta euskararen erabilera bermatu behar ditu diruz lagundutako jardueraren berri ematean.
Bestalde, araudian jasota dago botere publikoek euskararen erabilera sustatu behar dutela gizarte-bizitzako eremu guztietan.
Horregatik guztiagatik, Arartekoaren ustez, kontraesankorra izango litzateke Gasteizko Arte eta Lanbide Eskola bezalako erakunde bat araudiak euskararen tratamenduaz euskal botere publikoei ezartzen dizkien betebeharretatik kanpo geratzea, izan ere, eskola horrek kultura-arloan lan garrantzitsua eta aitortutakoa egiten du eta bere jarduerari funts publikoek eusten diote.
Hortaz, Arartekoari beharrezkoa iruditzen zaio Fundazioak agiri ofizial bat onartzea eta bertan honako hauek jasotzea: egungo egoeraren analisia, bete beharreko helburuak, beroriek erdietsi ahal izateko neurriak, jarduteko aldi baterako aurreikuspenak, baita arlo horretako beste edozein gai garrantzitsu ere, hori guztia plangintza egituratu baten barruan ezagutu eta abiaraz dadin eta, gero, ebalua dadin.
EBAZPENA
Vitoria-Gasteiz, 2025eko uztailaren 8a