Akordio bat sinatu da justizia errestauratiboaren kulturaren gainean
Manuel Lezertua arartekoak -Andaluziako, Nafarroako, Kanarietako eta Kataluniako herriaren defendatzaileekin batera- justizia errestauratiboaren, elkarrizketaren, adiskidetzearen, akordioaren eta erreparazioaren kulturari buruzko akordioa sinatzen parte hartu du. Ekitaldia Kataluniako Síndica de Greugesek antolatu du, Bartzelonan. Akordio hori lorpen garrantzitsua da bitartekotzaren eta justizia errestauratiboa sustatzearen arloetan, eta Arartekoak arlo horiek bultzatu ditu Euskadin, bere ildo estrategikoen barnean.
Arartekoak gatazkak konpontzeko funtsezko tresna gisa barneratu ditu justizia errestauratiboa eta bitartekotza, hala kexetan esku hartzean nola herritarrei arreta ematean ere. Jardunbide errestauratiboen bitartez (esaterako, entzute aktiboa eta barkamen-eskaerak), zerbitzu publikoaren kalitatea hobetu nahi du, eta elkarrizketako eta erreparazioko ingurunea sustatu. Jardunbide horiek sektore publikoa humanizatzen laguntzen dute, baita administrazioaren eta herritarren arteko harremana sendotzen ere. Orobat, erakunde honek bizikidetzarekin lotutako zenbait prozesu errestauratibo ahalbidetzen ditu, batez ere eremu komunitarioan.
Akordio hau sinatzeak berretsi egiten du Arartekoak bitartekotzarekin eta kultura errestauratiboarekin duen konpromisoa, herritarren eskubideak hobeto bermatzeko eta gizarte demokratikoago baterantz aurrera egiteko. Erakunde honen iritziz, ekitaldi honetan parte hartzeak indartu egiten du herriaren defentsa-erakundeek funtsezko eragile gisa duten eginkizuna, bai gizartean gatazkak kudeatzeko prozesu alternatiboak sartzeko, bai administrazio publiko hurbilagoa bultzatzeko, herritarrek administrazio ona izateko eskubidea beteko duena.
Vitoria-Gasteiz, 2025eko otsailaren 5a