Amaitu dira Herriaren Defendatzaileen Koordinaziorako XXXVIII. Jardunaldiak
Kalteberatasuna ikasgeletan
Topaketan ateratako ondorioak irakurri ondoren, bukatu dira Zaragozan izan diren Herriaren Defendatzaileen Koordinaziorako XXXVIII. Jardunaldiak.
“Kalteberatasuna ikasgeletan” izenburuarekin, zenbait eremutako adituek eta defentsa-erakundeetako ordezkari batzuek ponentziak eman dituzte eta hainbat mahai-ingurutan parte hartu dute.
Gaur, Elena Ayarza Haur eta Nerabeentzako Bulegoko arduradunak mahai-inguru honetan esku hartu du: “Administrazioen erantzuna hezkuntza-inguruneko kalteberatasunari”. Gainera, defentsa-erakunde batzuetako nerabeen kontseiluetako (besteak beste, Arartekoko) ordezkari gazteek beren iritziak eta ideiak azaldu dituzte, izan ere, aldez aurretik elkartu ziren, topaketa honetako eztabaidagaiaz hausnartzeko.
Neska-mutil horiek entzun diezaieten eta beren iritziak kontuan har daitezen eskatzen dute batez ere, nagusiki beraien intereseko gaiez erabakiak hartzen direnean, esaterako, hezkuntzaz, izan ere, hezkuntza ezin da eraiki berori zuzenean bizi duten neska-mutilak kontuan hartu gabe. Haien ustez, ikasgeletako kalteberatasuna ez da konpontzen asmo oneko hitzaldien edo araudi idatzien bidez soilik. Bestearekin konektatzen denean konpontzen da, mina aitortzen denean, koherentziaz eta konpromisoz jarduten denean.
Hezkuntza-inguruneko ikaslerik kalteberenen egoera aztertu eta gero, herriaren defendatzaileek topaketan ateratako ondorioak ezagutarazi dituzte.
Agiri horretan jasota dagoenez, administrazio publikoek ekitatea eta inklusioa bermatu behar dituzte hezkuntza-eremuko etapa guztietan. Gainera, neurriak hartu behar dituzte, hezkuntzarako sarbidean gerta litekeen edozein bazterketa edo marjinazioren aurrean prebentzio-lana egiteko eta esku hartzeko, ikaskuntzaren emaitzak lortzeko eta hezkuntza-etapa bakoitza amaitzeko.
Vitoria-Gasteiz, 2025eko urriaren 29a