Arartekoak Abanto Zierbenako Udalari gomendatu dio beharrezko izapideak egin ditzala GRAPO talde terroristako kide bat omentzen duen monolito bat udalerri horretatik kentzeko

COVITE Terrorismoaren Biktimen Kolektiboak Arartekoari esku hartzeko galdegin zion, Abanto Zierbena udalerrian dagoen GRAPO talde terroristako kide bat omentzeko monolito bat ken dezaten.

COVITEren esanean, udalerri horretako Las Carreras auzoko Trinitate plazan plaka bat dago GRAPO taldeko kide bati eskainitako monolito batean. Terrorismo-delituengatik, ebasketengatik, lapurretengatik eta bi polizia nazionali eraso egiteagatik kondenatu omen zuten kide hori (polizia haiei zauriak eragin omen zizkien eta asteak behar izan omen zituzten osatzeko). GRAPOko kide hori espetxean hil omen zen, bronkoneumoniak jota, 97 egunez gose-greban egon ondoren.

Arartekoak gai horri buruzko informazioa eskatu zion udalari, hain zuzen ere 4/2008 Legearen artikulu batekin lotuta (Terrorismoaren Biktimei Aitorpena eta Erreparazioa egiteko Legea, ekainaren 19koa)). Artikulu horrek biktimen duintasunerako eskubidea arautzen du eta ezartzen du EAEko botere publikoek jendaurreko zenbait ekitaldi prebenitzeko eta ekiditeko jardungo dutela,  baldin eta biktimen eta haien familiakoen mespretxua, umiliazioa edo izena galtzea dakarten ekitaldiak badira, terrorismoa goresten badute edo terroristei omenaldia egiteko edo jendaurrean sariak emateko antolatzen badira.

Herriko jarduneko alkateak bere erantzunean adierazi zuen udalak inoiz ez duela jarri monolito hori, eta ez duela antolatu, ez lagundu, ez babestu ere GRAPOko kide horren aldeko omenaldirik. 

Gaineratu zuenez, monolitoa ez dago kokatuta zehazki Trinitate plazan, baizik eta haren ondoko lorategi-parterre batean, urbanizazio pribatu baten mugakide. Monolitoa partikular batzuek jarri omen zuten orain urte asko, eta udal artxibategiak kontsultatu ondoren, ezin omen izan dute aurkitu inolako agiririk edo aurrekaririk bere garaian horretarako baimena eskatu zela edo udalak baimena eman zuela egiaztatzen duenik.

Hala ere, Arartekoaren ustez, omenezko monolito bat leku publiko batean egoteak aipaturiko legea urratzen du, eta, berez, terrorismoaren biktimak, oro har, eta GRAPO taldearenak bereziki iraintzen eta umiliatzen ditu, baita gizarte osoa ere.

Euskadin biktimen duintasunaren kontrako pintadak, kartelak eta monolitoak daude oraindik ere, eta Arartekoa kezkatuta dago, biktimen oinarrizko eskubideen aurkakoak direlako, izan ere, biktimentzat biktimizazio bikoitza da, mina eragiten diete biktima horiei eta beren senideei eta, bizikidetza hautsiz, gizarte gisa Euskadiko iraganeko indarkeria-garaietara garamatzate.

Horregatik, Arartekoak Abanto Zierbenako Udalari gomendatu dio monolito hori kentzeko beharrezko izapideak egin ditzala.

EBAZPENA

Vitoria-Gasteiz, 2023ko urtarrilaren 12a