Arartekoak amaitu du bere esku-hartzea, herritar bati ezintasuna izateagatik ematen zitzaion kotizazio gabeko pentsioa kendu izanaren harira
Estatuko lurralde osoko araudia aplikatuz, Arabako Foru Aldundiak diru-sarrera gisa zenbatu zion sexu-abusuaren biktima izateagatik aitortu zitzaion erantzukizun zibileko kalte-ordaina. Gizarte Ongizaterako Foru Erakundeak estatuko organo eskudunari eskatuko dio indarreko araudia aldatu dezala
Herritar batek, % 69ko desgaitasuna eta 1. mendekotasun-maila duenak, Arartekoaren esku-hartzea eskatu zuen, ez baitzegoen ados Arabako Foru Aldundiaren (AFA) Gizarte Ongizaterako Foru Erakundearen (GOFE) 2025eko otsailaren ebazpenarekin. Ebazpen horretan, foru-erakundeak adierazi zuen 2018. urteaz geroztik kexagileak aitortua zuen desgaitasuneko kotizazio gabeko pentsioa (KGP) azkendu zitzaiola. 2025eko urtarrilean, epaitegi batek erantzukizun zibileko kalte-ordaina ezarri zuen, kexagilearen alde, 20.000 eurokoa, sexu-abusuaren biktima izan zelako. Ondorioz, GOFEk jakinarazi zion desgaitasuneko KGP azkentzea ebatzi zuela. Egoera horren aurrean, kexagilearen amak, bere legezko ordezkaria den aldetik, idazkia jarri zuen, adieraziz ez zegoela ados erabaki horrekin, eta kalte-ordainaren jatorria gogorarazi zuen; halaber, adierazi zuen erabakiak kalte egin ziola alabari, birbiktimizazioa zekarrela uste baitzuen.
Euskadin, estatuko desgaitasuneko KGPen kudeaketa foru-aldundiei dagokie. Espainiako herritar guztiek Gizarte Segurantzako eskubideak eskuratzean berdintasuna dagoela bermatzeko, foru-aldundiek, desgaitasuneko KGP kudeatzeko eginkizuna betetzean, Adinekoen eta Gizarte Zerbitzuen Institutuak (IMSERSO) araudiaren interpretazioa harmonizatzeko ezarritako irizpideekin bat jardun behar dute. AFAk kexagileari aitortutako desgaitasuneko KGP azkendu zuen, sexu-abusuaren biktima izateagatik erantzukizun zibilaren kontzeptuan kalte-ordain gisa ordaindu zitzaizkion 20.000 euro zenbatu ondoren.
Hala ere, Arartekoaren iritziz, kalte-ordaina, diru-sarrera bada ere, ez da lanaren edo kapitalaren ondoriozkoa, eta aplikatu beharreko araudian ez dago espresuki adierazita hori zenbatu behar denik. Halaber, kalte-ordaina ez da prestazioa, kalte-ordaina baizik, eta helburu nagusia kexagileari delitua egiteagatik eragindako kalte-galerak erreparatzea da. Hau da, helburua ez zen bizirauteko oinarrizko premiak estaltzea; hori desgaitasuneko KGPren oinarrizko xedea da.
GOFEren lankidetza eskatu ondoren, erakundeak jakinarazi dio estatuko lurralde osoko araudiaren aplikazioa harmonizatu beharrak kalte-ordain hori zenbatzera behartzen duela.
Hala ere, GOFEk Arartekoari jakinarazi dio kasu honen berri izan ondoren “estatuko organo eskudunari eskatuko diola indarreko araudia aldatu dezala, indarkeria matxistagatik jasotako kalte-ordainak salbuetsita egon daitezen KGPren zenbaketatik”.
Vitoria-Gasteiz, 2025eko irailaren 23a