Arartekoak Amurrioko Udalari gomendatu dio ez dezala salatzaileen datu pertsonalik adierazi administrazio-prozeduren jakinarazpenetan

Herritar batek Arartekoari azaldu zionez, agian bere datu pertsonalak babesteko eskubidea urratu zuen Amurrioko Udalak, datu horiek idatzi baitzituen balizko interesdunei jakinarazitako administrazio-ebazpen batean. 

Arartekoaren ustez, udalak badauka datuak tratatzeko legitimazioa, bere eskumenen esparruan. Hala ere, administrazio-jarduera batean hirugarren interesdunei jakinarazitako ebazpenean salatzailearen datu pertsonalak adierazteak datu-lagatzea dakar berekin, eta, horretarako, lagatzea gaitzen duen oinarri juridikoa bete behar zuen.

Erakunde honek uste du emandako ebazpenean ez zela berariaz beharrezkoa salatzailearen datu pertsonalak jartzea, bada egintza batzuk jakinarazteak ez du eragiten, berez, inor prozeduran interesduntzat hartzea. Gainera, udalak izapidetu zuen prozeduraren ondorioz ez zen zehapen-prozedurarik hasi, izan ere, hori egiteko, datuak babesteko araudian aurreikusita dagoen minimizazio-printzipioa ezarri beharko zatekeen, eta, beraz, eskubideak epaitu edo haztatu beharko ziratekeen, salatuen defentsa-eskubidea bermatze aldera salatzailearen datuak ebazpenean adieraztea beharrezkoa ote zen aztertzeko. 

Horregatik, Arartekoak Amurrioko Udalari gomendatu dio ez dezala jakinarazi edo laga prozeduran berariaz kaltetuta edo interesatuta ez dauden hirugarrenen daturik lege mailako xedapenetan lege-gaikuntzarik izan gabe edo administrazioaren eskumenak baliatzean, administrazio-egintzak jakinarazteko esparruan.

Zehapen-prozedurei dagokienez, gomendatzen da kasuz kasu ebalua dadila ea salatzaileen datu pertsonalak adierazi behar diren administrazioaren zehapen-prozedurak jakinarazteko ekintzetan, baldin eta defentsa-eskubidea baliatzeko erabakigarriak ez badira.

Edonola ere, nahiz eta hirugarrenei datuak jakinarazteko oinarri juridikoa izan, Arartekoak gomendatzen du minimizazio- edo proportzionaltasun-printzipioa betetzea eta aldez aurretik eskubideak haztatzea, hirugarrenei jakinaraziko zaizkien datu zehatzen irismena zehazteko, administrazioak lortu nahi dituen helburuei dagokienez egokiak, beharrezkoak eta mugatuak izan daitezen.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko irailaren 1a


Lotutako dokumentazioa

Ebazpena