Arartekoak antolatutako ikastaroa: Euskadin osasun mentalari ematen zaion arreta

EHUren Uda Ikastaroen XLI. edizioan, Arartekoak izenburu hau duen ikastaroa antolatu du Donostiako Miramar jauregian, gaurko eta biharko: “Euskadin osasun mentalari ematen zaion arreta. Gaiari heltzeko eredua, dauden baliabideak, antzemandako beharrak eta sistemen arteko koordinazioa”.

Ikastaroaren inaugurazioan, COVID-19aren pandemiak sortu duen eta biztanleria osoari eragin dion gizarte- eta osasun-egoera aipatu du Manuel Lezertua arartekoak. 

Lezertuak esan duenez, “osasun fisikoko arazoek, isolamenduak, gizarte-harremanik ez izateak, norberaren bizitzarekin bateragarri egiteko zailtasunak, ohitura-aldaketek, laneko arazoek, eta abarrek “ondorioak izan dituzte” biztanleriaren osasun mentalean”. Eta hauxe erantsi du: “gizarteko krisialdi gehienetan bezalaxe, bereziki eragin die pertsonarik kalteberenei, bai fisikoki, bai psikologikoki eta gizarte mailan”. 

Honatx sakon hausnartu beharreko datu bat: Euskadin, 2020an, buru-hiltzeak %27,2 areagotu ziren 2019. urtearen aldean, eta iaz 187 pertsonak egin zuten beren buruaz beste.

Beraz, aurre egin beharreko erronken artean, gizartea sentikorrago bihurtzen eta estigma erauzten lan egin behar da, eta arreta jarri behar da edozein zailtasun edo arazo goiz prebenitzen eta antzematen, larriagotu ez dadin edo edonor bere burua arriskuan jartzera eraman ez dezan. 

Ikastaro hau osasun mentala zaintzeko orduan funtsezkoak diren faktoreak detektatzera bideratuta dago: batez ere, arriskuei aurrea hartzea, horiek antzeman eta kontrolatzea, zerbitzuetara irispidea izatea, profesionalen arteko harremanak eta koordinazioa, baliabide espezializatuetara bideratzea, baita ere beste eragile batzuekin eta komunitatearekin berarekin hitz egitea.

Donostia, 2022ko uztailaren 7a