Arartekoak antolatutako ikastaroa: Hezkuntza-ekitatearen eta eskolatzearen erronkak Euskadin
EHUren uda ikastaroen XLIII. edizioan, Arartekoak honako izenburuko ikastaroa antolatu du uztailaren 4rako eta 5erako, Donostiako Miramar jauregian: “Hezkuntza-ekitatearen eta eskolatzearen erronkak Euskadin”.
Ararteko erakundea bereziki kezkatu izan dute beti eskola-segregazioak eta errealitate horrek euskal gizartearen ekitate eta kohesiorako berekin dakartzan ondorioek. Horregatik, gizarte-kohesio hori zaindu eta sustatzeko hain zuzen ere, esku hartzen aritu da behin eta berriz. Arartekoaren ustez, ikasleak modu inklusibo eta orekatuan eskolatzea ahalbidetzen du hezkuntza-plangintzari lotutako helburuak lortzeak, adibidez, ikastetxeetako gizarte-osaeran oreka handiagoa sustatzeak.
Euskal Hezkuntza Eraldatzeko Oinarrien Akordioan hartutako jarduera-konpromisoen ondorioz, nabarmen eguneratu da eskola-plangintzari eta ikasleak onartu eta eskolatzeari buruzko araudia.
Egindako aldaketek nolabaiteko eztabaida sortu dute, batez ere hezkuntza-laguntzako premia bereziak dituzten ikasleentzako plazak gordetzeko neurriak. Horrela, 2023-2024 ikasturtean, familia askok Arartekora jo dute, Euskadiko ikastetxeetan ikasleak onartzeko prozesuetan hartu diren erabakiengatik, eta beren seme-alabentzat ikastetxea libreki aukeratu ahal izatea eskatu dute.
Eskubideak, beharrak eta sentikortasunak bateratu eta ezinbesteko hezkuntza-plangintzan sartzea erronka handia da, ez bakarrik hezkuntza-sistemarentzat, baizik eta baita ere euskal gizarte osoarentzat, izan ere, gizarte kohesionatu baten funtsezko oreka mantendu behar da eta gizarte horrek haur eta nerabe guztien aukera-berdintasuna bermatzeko gauza izan behar du ezagutza, kultura eta etorkizun profesional oparoa eskuratzeko orduan.
Ikastaro hau, argigarriak izan daitezkeen adituen ekarpen eta esperientzien bidez, gune egokia izan daiteke ekitatiboa izan nahi duen hezkuntza-sistema batek aurre egin beharreko erronka nagusiez lasai eztabaidatzeko, arreta berezia eskainiz Euskadin oraintsu hartu diren neurri jakin batzuei, ikasleak onartzearekin eta eskaintza planifikatzearekin zerikusia dutenei.
Vitoria-Gasteiz, 2024ko maiatzaren 16a