Arartekoak antolatutako ikastaroa: Hezkuntza-ekitatearen eta eskolatzearen erronkak Euskadin
EHUren uda ikastaroen XLIII. edizioan, Arartekoak honako izenburuko ikastaroa antolatu du gaurko eta biharko, Donostiako Miramar jauregian: “Hezkuntza-ekitatearen eta eskolatzearen erronkak Euskadin”.
Ikastaroaren hasiera-ekitaldian Manuel Lezertua arartekoak adierazi duenez, “Arartekoak urteak daramatza ikasleak eskolatzean desoreka-egoera larriak edo ez hain larriak gertatzen direla salatzen duten kexen berri izaten”.
Urteetan arazo hori saihesten ahalegindu ondoren, Lezertuak aipatu du inflexio-puntua izan zela Euskal hezkuntza eraldatzeko oinarrien akordioa, 2022an sinatua. “Akordio horretan -esan du- lehenbizikoz onartzen da eskola-segregazioaren aurkako itun bat onetsi behar dela eta neurriak hartu behar direla eskolatzean gertatzen diren-desorekak geldiarazteko”.
Eskubideak, beharrak eta sentikortasunak bateratu eta ezinbesteko hezkuntza-plangintzan sartzea erronka handia da, ez bakarrik hezkuntza-sistemarentzat, baizik eta baita ere euskal gizarte osoarentzat, izan ere, gizarte kohesionatu baten funtsezko oreka mantendu behar da eta gizarte horrek haur eta nerabe guztien aukera-berdintasuna bermatzeko gauza izan behar du ezagutza, kultura eta etorkizun profesional oparoa eskuratzeko orduan.
Ikastaro hau, argigarriak izan daitezkeen adituen ekarpen eta esperientzien bidez, gune egokia izan daiteke ekitatiboa izan nahi duen hezkuntza-sistema batek aurre egin beharreko erronka nagusiez lasai eztabaidatzeko, arreta berezia eskainiz Euskadin oraintsu hartu diren neurri jakin batzuei, ikasleak onartzearekin eta eskaintza planifikatzearekin zerikusia dutenei.
Donostia, 2024ko uztailaren 4a