Arartekoak berritu egin du hizkuntza-eskubideak eta euskara babestearekin duen konpromisoa, lankidetza-hitzarmen bat sinatuz Elebiderekin (Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Zerbitzua)
Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak hala proposatuta, otsailaren 6ko Gobernu Kontseiluaren akordioaren bitartez, Eusko Jaurlaritzak lankidetza-hitzarmen bat sinatzea erabaki zuen Arartekoarekin, Elebideko eta Arartekoko kexen kudeaketa koordinatzeko asmoz bi erakundeek hizkuntza-eskubideen arloan dituzten eskumenak erabiltzean, batez ere pertsonek euskaraz artatuak izateko duten eskubidea defendatzean.
Hitzarmen hori gaur sinatu dute Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak eta Manuel Lezertua arartekoak, Arartekoaren Gasteizko egoitzan. Horren bidez, 2028. urtera arte berritu da 2013ko aurreko hitzarmenean ezarri zen lankidetza.
Akordio horrek helburu hau du: sei hilean behin, jasotako kexei eta jarduera egokiei buruzko informazioa trukatzea, eta irizpide juridiko komunak ezartzea bi erakundeetan kexa berdinak edo antzekoak daudenean.
Sinadura-ekitaldia baliatuta, arartekoak sailburuari jakinarazi dio eskubide osoko kide gisa parte hartu duela Hizkuntza Komisarioen Nazioarteko Elkarteak (IALC) Cardiffen egindako bileran (2024ko ekaina). Era berean, urtarrilean Eskualdeetako edo Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Gutunaren Adituen Batzorde Independentearekin (COMEX) izandako bileraren berri eman dio.
Vitoria-Gasteiz, 2024ko ekainaren 17a