Arartekoak Bilboko Udalari gomendatu dio berrikus dezala udal-erroldan izena emateko eskatu duen etxebizitza finkorik gabeko pertsonaren inguruan jarraitutako prozedura eta hobetu ditzala eskaera berrien berme juridikoak
Udala ez dago ados Arartekoaren argudioekin, eta iritzi du ez dela egokia eskaeraren unean jarduketek atzeraeragina izatea, kexagilea ez baita gizarte-zerbitzuen erabiltzailea
Herritar batek Arartekora jo zuen, salatuz ez zitzaiola modu egokian erantzun Bilboko Udalaren udal-erroldan izena emateko egin zuen eskaerari. Jarritako kexak agerian uzten du udal-erroldan izena emateko prozedura izapidetu eta ebazteko orduan oinarrizko gabeziak daudela, pertsonek hirian bizi direla egiaztatzen duen dokumentazioa aurkeztu ezin dutenean eta gizarte-zerbitzuek beraien berri ez dutenean baina, hala ere, etxebizitzaren arloan egoera prekarioan daudenean.
Hori dela eta, Arartekoak Udalari gomendioa egin zion, kasu zehatz horretan prozedura berrikus zezan eta erroldan izena emateko eskaera berrietan bermeak hobetu zitzan. Horrez gain, eskatzen zuen udal-erroldan izena ematea eskatzen duten baina etxebizitza finkoa ez duten eta Udalaren gizarte-zerbitzuek ezagutzen ez dituzten pertsonen inguruko prozedura aldatu zezala. Arartekoaren iritziz, eskubideak erabiltzeko eta zerbitzuak eta prestazioak eskuratu ahal izateko orduan udal-erroldan izena emanda edukitzeak duen garrantzia kontuan hartuta, zorroztasun handiz izapidetu beharko lirateke eskaerak, eraginak dituztelako pertsonen bizitzan, batez ere, gizarte- eta etxebizitza-bazterketako egoeran dauden pertsonez ari garenean.
Bilboko Udalak Arartekoari erantzun dio ez dela egokia eskaeraren unean jarduketek atzeraeragina izatea, kexagilea ez baita gizarte-zerbitzuen erabiltzailea; hortaz, udal-erroldan izena emateko eskaera ukatu diote. Halaber, adierazi du EUDEL Euskadiko Udalerrien Elkartearen irizpideen eta Arartekoak ebazpenean aipatutako salbuespenezko kasuetan erroldatzeko prozeduraren gaineko hausnarketa eta analisia egingo duela, EUDELek irizpideak prestatzen amaitzen duenean.
Erakunde honen iritziz, Udalaren erantzunak ez du biltzen espedientean hautemandako gabeziak justifikatzen duen argudio juridikorik; hortaz, Arartekoak eskatu du Bilboko Udalak zabaldu dezala gomendioari erantzunez bidalitako txostena.
Vitoria-Gasteizen, 2025eko irailaren 19a