Arartekoak Bilboko Udalari gomendatu dio bete dezala lnformazio Publikoaren Sarbiderako Euskal Batzordearen ebazpena eta berma dezala zarata-maparen kontratuari buruzko informazio osoa eskuratzea
Arartekoak eman duen ebazpen batean, Bilboko Udalari eskatu dio osorik bete dezala Informazio Publikoaren Sarbiderako Euskal Batzordearen (aurrerantzean, IPSEB) 12/2025 Ebazpena eta Uribitarte Anaitasuna auzo-elkarteari eman diezaiola 2023ko aisialdiaren zarata-mapa egiteko zerbitzua kontratatu eta egikaritzeari buruzko dokumentazio guztia.
Elkarte horrek adierazi zuenez, IPSEBren berariazko agindua jaso arren, udalak ez zizkion eskuratu agiri batzuen (harrera-aktak, fakturak, kontabilitate-agiriak) kopiak, eta eskuragarritasuna aurrez aurreko kontsulta batera mugatu zuen, erreproduzitzeko aukerarik eman gabe.
Arartekoak gogorarazi du informazio publikoa lortzeko eskubideak, gardentasunari eta informazio publikoa eskuratzeari buruzko araudian aitortuak, betebehar hauek hartzen dituela barne: epe barruan ebazteko eta ez onartzeko edozein muga edo kausa arrazoitzeko betebeharra, bai eta informazioa eskatzaileak aukeratutako formatuan emateko betebeharra ere, ahal dela bitarteko elektronikoen bidez. Gainera, ohartarazten du gardentasunak IPSEBren ebazpenak benetan betetzea eskatzen duela, eta ez soilik formalki, batez ere informazioak gastu publikoaren kontrolari eta kontuak emateari eragiten badie.
Ebazpen batean formalizatu gabeko argudioetan oinarrituta kopiak ukatzen badira, ez dira errespetatzen legezko bermeak, eta segurtasun juridikorik eza sor dezake.
Arartekoak bere ebazpenean azpimarratu du erakundeen lankidetzarik ezak herritarren konfiantza ahuldu dezakeela eta gogorarazi du gardentasuna eta informazioa benetan eskuratzea gobernu onaren eta parte-hartze demokratikoaren euskarriak direla.
Vitoria-Gasteiz, 2025eko irailaren 15a