Arartekoak Bilboko Udalari gomendatu dio neurriak har ditzala kaleko musika-ikuskizunek eta espazio publikoan egiten diren manifestazioek sor dezaketen gehiegizko zarata kontrolatzeko
Pertsona batek Arartekora jo zuen, Bilboko Bide Nagusian bizi diren auzokideen elkarte batzuen izenean, udalak ez baitzuen esku hartzen eremu horretan egiten diren jarduera ludiko eta manifestazioen ondorioz pairatzen duten zarata kontrolatzeko.
2023ko uztailean, kaltetuek esku hartzeko eskatu zioten Bilboko Udalari, zarataren ondorioz nozitzen dituzten eragozpenei erantzuteko. Adierazi zutenez, eremu horretako musika-ikuskizunek behin eta berriz urratzen dituzte udal ordenantzak, 45 minutuko denbora-mugari eta anplifikadoreak erabiltzeari dagokienez. Horren ondorioz, zarata-legeriak baimendutako gehieneko mailatik gorako zarata-mailak jasaten dituzte beren etxebizitzetan. Era berean, Bizkaiko Foru Aldundiren Jauregiaren inguruan egiten diren elkarretaratze eta manifestazioek sortutako zarata-maila salatu zuten, parte-hartzaileek txilibituak, bozinak eta megafonia erabiltzen dituztelako.
Auzokideen elkarteek hainbat proposamen zehatz helarazi zizkioten Bilboko Udalari Espazio Publikoaren Ordenantza aldatzeko, baita Udaltzaingoak jarduteko eta udalak berak zarata-araudia betearazteko irizpideak ere.
Udalari laguntza galdegin ostean, hark txosten bat bidali zion Arartekoari, eta gogorarazi zion musika-ikuskizunen jarduerari buruzko araudia betetzen ez dela ikusten badute, herritarrek salaketa jar dezaketela Udaltzaingoan. Manifestazioek eta elkarretaratzeek sortzen duten zaratari buruz, uste du udal ordenantzatik kanpo geratzen dela eta Eusko Jaurlaritzari dagokiola manifestazioak egiteko baldintzak ezartzea.
Kexaren edukia aztertu eta gero, Arartekoak Bilboko Udalari gomendatu dio Espazio Publikoaren Ordenantza ezarriz, bitartekoak jar ditzala kaleko musika-emanaldiak kontrolatzeko, artistek bide publikoa erabiltzen dutenean, ezarrita dagoen gehieneko iraupena gaindituko ez dela berma dadin eta zarata-mugaren balioak bete daitezen. Manifestazioek eta elkarretaratzeek sortzen duten hots-eragina murrizteko, erakunde arteko lankidetza-tresna egokiak ezar ditzan ere eskatu dio, ekitaldi horiek gauzatzen direnean zarata arloko udal araudia beteko dela bermatzeko.
Vitoria-Gasteiz, 2025eko urtarrilaren 13a