Arartekoak Bilboko Udalari gomendatzen dio kendu dezala nahitaez aurretiazko hitzordua hartu beharraren baldintza eta bermatu dezala udal-zerbitzuetan aurrez aurreko arreta jasotzeko aukera, murrizketarik gabe
Berriki emandako ebazpen batean, Arartekoak Bilboko Udalari eskatu dio kendu dezala herritarren arretako bulegoetan administrazio izapideak egiteko nahitaez aurretiazko hitzorduaren hartu beharraren baldintza.
Ebazpena egin zen herritar batek jarri zuen kexa baten ondorioz. Kexa horretan, herritarrak adierazi zuen ezin izan zuela izapide bat egin Deustuko Udaltegian, aurretiazko hitzordua hartzea derrigorrezkoa zelako (nahiz eta une horretan instalazio guztiak hutsik egon).
Udalak, Arartekoari emandako erantzunean, baieztatu zuen aurretiazko hitzordua ez dela nahitaezkoa eta lehentasuna soilik ematen duela. Hala ere, Arartekoak baieztapen horren eta udalaren webgunean argitaratuta dagoen informazioaren arteko aldeak aurkitu zituen. Horrez gain, adierazi zuen aurretiazko hitzordua baldintza gisa jartzeak hainbat printzipio urratu zitzakeela, hala nola, hurbiltasun-printzipioa eta administrazio-araudian aitortzen diren eskubideak.
Erakunde honek uste du aurretiazko hitzorduetarako sistema oro aukerakoa izan beharko lukeela eta ez litzatekeela oztopo bat izan beharko aurrez aurreko bitartekoen bidez zerbitzu publikoak eskuratzeko. Era berean, gogorarazi du administrazio publikoek administrazio onean eta herritarrei arreta eraginkorra ematean oinarritutako zerbitzua bermatu behar dutela.
Ildo horretan, herritarren arretarekin lotutako politika publikoak zorrotz ebaluatzeko beharra berretsi du Arartekoak, politika horiek herritarren benetako beharrei erantzuten dietela ziurtatzeko.
Vitoria-Gasteiz, 2024ko abenduaren 16a