Arartekoak Bizkaiko Foru Aldundiari eskatu dio Lekeitioko Eguiguren eta Atxurra ontziola kontserbatzen dela berma dezala
Arartekoaren esku-hartzearen jatorria da pertsona batek kexa bat jarri zuela salatzeko Eguiguren eta Atxurra ontziola dagoen higiezinaren narriadura eta administrazio eskudunek ez dutela eraginkortasunez jardun kontserbazio-betebeharra bete dadin.
Ontziola Lekeitioko Isuntza inguruko Lea ibaiaren ertzean dago, eta kultura ondare deklaratu zuten Eusko Jaurlaritzaren Kultura Saileko agindu bidez, 1998ko urrian, monumentu-multzo kategorian. Halaber, Lea ibaiaren Industria Paisaiaren barruan dago kokatuta, zeina 2015ean kultura-ondare gisa kalifikatu zuten. 2023an kontserbaziorako premiazko neurriak hartzeko errekerimendua egin zen arren, obrak ez ziren egikaritu; izan ere, administrazio publikoen artean gatazka egon zen, itsaso eta lehorraren arteko jabari publikoan dagoen ontziolaren kontserbazio-betebeharra egikaritzeko azken ardura norena zen zehazteko.
Ebazpenean, Arartekoak Euskal Kultura Ondarearen Legeak babestutako kultura-ondareen jabeei horiek kontserbatzeko eta zaintzeko beharra. Hori bete ezean, foru-aldundiek eskumena dute beharrezko neurriak hartzeko, eta, are gehiago, modu subsidiarioan ondarea galtzea saihestera bideratutako jarduketak egiteko. Administrazio publikoentzat derrigorrezkoa eta lagaezina da kultura-ondarea babesteko eskumena baliatzea, Legearen arabera jardun behar baitute. Hori dela eta, Arartekoak iritzi du administrazioen artean titulartasunari buruz egon daitezkeen gatazkek ezin dutela berekin ekarri foru-jarduketa etetea, horrek kultura-ondarea zainduta dagoela bermatu arte jarraitu behar baitu.
Hori dela eta, Arartekoak bere Gomendioan Bizkaiko Foru Aldundiaren Euskara, Kultura eta Kirola Sailari eskatu dio ofizioz eta ebatzi arte susta dezala Lekeitioko Eguiguren eta Atxurra ontziola kontserbatzen dela bermatzeko abiarazitako espedientea.
Halaber, Eusko Jaurlaritzaren Kultura eta Hizkuntza Politika Sailari iradoki dio ofizioz lankidetza-hitzarmena susta dezala Estatuko Administrazio Orokorrarekin eta eskubideen gainerako titularrekin, itsaso eta lehorraren arteko jabari publikoan dauden kultura-ondareak kontserbatzen direla eta horien balioa behar bezala aitortzen dela bermatzeko.
Vitoria-Gasteiz, 2025eko irailaren 24a