Arartekoak Bizkaiko Foru Aldundiari gomendatu dio administrazio elektronikoaren printzipio eta arauen arabera izapidetu ditzala autobideetako bidesarietarako dirulaguntzak ukatzeko administrazio-prozedurak

Era berean, eskatu dio datuak biltzeko inprimaki errazak eta ulergarriak gaitu ditzala herritarrentzat 

Herritar batek Arartekoari adierazi zion ez zegoela ados 2022ko apirilera arte jaso zuen dirulaguntza etetearekin, izan ere, administrazioaren ustez, ez zituen betetzen dirulaguntza jasotzen jarraitzeko baldintzak. 

Interbiak sozietate publikoak, dirulaguntzak kudeatzeaz arduratzen zenez, herritarrari eskatu zion (Bidesaria dirulaguntzak kudeatzeko sistema elektronikoaren eta posta elektronikoaren bitartez) gida-baimena aurkez zezala, baimenak indarraldia gal baitzezakeen. Aurrez 2022ko urtarrilean emandako dirulaguntza eten egin zen hainbat hilabetetan, herritarrak eskatutako agiria azkenean Bidesarian sartu zuen arte.

Kexa aztertu ostean, Arartekoak Bizkaiko Foru Aldundiko Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako Sailari gomendatu dio dirulaguntzak emateko administrazio-prozedura bat izapidetu dezala foru-erakunde horren egoitza elektronikoaren bidez, eskakizunen inguruko zuzenketak behar bezala jakinarazteko, eta interesdunari aukera eman diezaiola egoitza elektronikoan agertzeko, administrazioak agindutako egintzaren berri izateko eta, horrela, bere eskubide eta interesak epe barruan eta behar den moduan babesteko. 

Gainera, Arartekoak administrazioari gomendatu dio datuak biltzeko inprimaki errazak eta ulergarriak gaitu ditzala herritarrentzat, eta datuak eta agiriak prozeduraren hasieran eskatzea hautetsi dezala, berariazko eskaera baten bitartez, edo geroko fase batean kontrola dezala ea betekizunak betetzen diren, erantzukizunpeko adierazpen baten bitartez, administrazio-tramitazioa bizkortu eta errazteko. 

Orobat, iradoki dio datuen bitartekaritza-plataformak erabil ditzala (elkarreragingarritasun printzipioa) dirulaguntzen eskatzaileek aurkezturiko informazioa benetakoa den egiaztatzeko eta administrazioak eskura dauzkan datuak ez aurkeztu behar izateko.

EBAZPENA

Vitoria-Gasteiz, 2022ko azaroaren 17a