Arartekoak Bizkaiko Foru Aldundiko Ogasun Sailari eskatu dio ken dezala edozein izapide egiteko nahitaez aurretik hitzordua eskatu behar izatea, eta sistema hori borondatezko aukera gisa jar dezala
Herritar bati galarazi egin zioten errenta-aitorpenarekin lotutako izapide bat egitea, aurretik hitzordurik eskatu ez zuelako. Gainera, ez zuen erantzunik jaso hasieran egin zuen erreklamazioaren gainean.
Arartekoaren ustez, aurretiazko nahitaezko hitzordua ezartzea ez dago justifikatuta interes orokorrari dagokionez, ez da oinarri juridiko argietan oinarritzen eta mugatu egin dezake herritarrek administrazioarekin aurrez aurre harremanak izateko duten eskubidea.
Horregatik, erakunde honek gomendio bat bidali dio Bizkaiko Foru Aldundiko Ogasun eta Finantza Sailari, ez dezan ezarri aurretiazko nahitaezko hitzordua edozein izapide aurrez aurre egiteko, batez ere administrazio-erregistroaren funtzioarekin lotutakoak.
Arartekoak gomendatzen du aurretiko hitzorduaren sistema aukerakoa izan dadin eta horren eskuragarritasunari buruzko informazio publikoa eman dadin, sistema hori aholkularitza espezializatua behar duten izapideetarako erabiliko dela bermatuz, baina zerbitzu publikoetara aurrez aurre joatea oztopatu gabe. Neurri horren bidez, berdintasunaren, hurbiltasunaren eta zerbitzu publiko onaren printzipioak betetzea bermatu nahi da.
Vitoria-Gasteiz, 2024ko abenduaren 4a