Arartekoak Bizkaiko Garraio Partzuergoari gomendatu dio neurriak har ditzala Getxoko etxebizitza batzuetan jasaten dituzten zarata eta dardaren arazoa konpontzeko, Metro Bilbaoko trenak bertatik gertu igarotzen baitira
Getxoko bi eraikinetako etxebizitza batzuetako bizilagunek Arartekora jo zuten, beraien salaketei Bizkaiko Garraio Partzuergoak (BGP) eman zien erantzunarengatik. Bizilagunak kexu ziren Bidezabal geltoki ingurutik Metro Bilbaoko trenak igarotzen direnean etxeetan sortzen diren gehiegizko zaratengatik eta dardarengatik.
Kontatu zutenez, hainbatetan jo zuten Metro Bilbaora eta BGPra etxe barnean jasaten duten arazoa azaltzeko. Izan ere, 2011tik nozitzen dute arazo hori, metro-unitate bakoitzeko bagoiak gehitu zirelako eta trenbide-bretela jarri zutelako inguru horretan. Orobat, haien esanean, 2021-2024 urteetarako Zarata eta dardaren aurkako ekintza plana onesten ari zirenean herritarrek parte-hartzeko ireki zuten prozesuan, BGPri eskatu zioten neurriak har zitzala Metro Bilbaoren trenek eremu horretan sortzen duten kutsadura akustikoak beren etxeetan eragindako enbarazuak arintzeko.
Kexagileek ziotenez, bazekiten BGPk arazo hori aztertzeko eta konponbideren bat aurkitzeko azterlan bat egitea agindu zuela; hala ere, berretsi zuten gehiegizko zaratek eta dardarek bere hartan jarraitzen zutela eta ezin zutela ondo atseden hartu beren etxeetan, ezta gauez ere. Beren etxebizitzetan jasaten duten arazo hori lehenbailehen konpontzeko, BGPri proposatu zioten behin-behineko neurri batzuk har zitzala, emisio-fokuetan zarata eta dardarak murrizteko, trenbide-bretela kenduz eta Bidezabalerako sarreran metroaren abiadura murriztuz.
Arartekoak informazioa eskatu ondoren, BGPk txosten bat bidali zion. Bertan adierazi zion zer jarduera burutu ziren salaketei erantzuteko, eta zer neurri zeuden aurreikusita eragin akustikoa gutxitzeko. Horri buruz, txostenean adierazi zenez, zarata arloko Estatuko eta erkidegoko legeria betez, BGPk eskatu zizkioten zarataren mapa estrategikoak eta ekintza-planak onartu zituen. Eskatu ziren behin-behineko neurriak direla eta, txostenean adierazi zen ez zirela bideragarriak, Bidezabalgo bretela beharrezkoa zelako noizean behin trenei buelta emateko. Bestalde, azaldu zen abiadura murrizteak ez zekarrela berekin, nahitaez, zarata eta dardarak gutxitzea.
Eskura zeukan informazio guztia aztertu ondoren, Arartekoak egiaztatu du BGPk trenbide-azpiegituraren hots-eragina ebaluatu duela eta ekintza-plan bat prestatu duela kexan azaldutakoa bezalako eremuetarako, horietan ez baitira betetzen hots-kalitateko helburuak eraikinen kanpoaldean. Dena den, kexak eta hots-kalitateko helburu horiek gorabehera, BGPk ez du sartu 5. Eremua Bidezabal lehentasunez jarduteko eremuen artean, eta orain arte, gauza bakarra jo du egokitzat: mini hesiak edo pantaila akustikoak jartzea bideragarria den aztertzea. Alabaina, erakunde honek dakienez, ez da bestelako neurririk gauzatu etengabeko kexei erantzuteko, ezta ere zaratak eta dardarak neurtzeko.
Horregatik, Arartekoak BGPri gomendatu dio berehala neur ditzala zarata eta dardara mailak kaltetutako etxebizitzen barruan, eta immisioaren muga-balioak betetzen ez badira, lehenbailehen dagozkion neurri zuzentzaileak har ditzala arazo hori konpontzeko.
Vitoria-Gasteiz, 2024ko maiatzaren 29a