Arartekoak Debako Udalari gomendatu dio berrikus dezala TAO arautzen duen ordenantza, erroldatuta dauden bizilagunei eta oporretako egoiliarrei ematen zaien tratu desberdinari dagokionez.

Debako oporretako egoiliar batek Arartekoari adierazi zion ez zegoela ados aparkaldi mugatuko sistemaren erregulazioaren alderdi batzuekin. Bere iritzian, ordenantzak tratu desberdina ezartzen du ibilgailua Deban erroldatuta duten bizilagunen eta, udalerri horretan bigarren etxebizitza izan arren, ibilgailua bertan erroldatuta ez duten pertsonen artean.

Zehazki, kexagilea kexu da udalak tratu desberdina ematen dielako bertan bizi direnei eta udalerrian etxebizitza baten jabe diren udatiarrei, talde horietako bakoitzari aparkatzeko ematen zaizkion txartelei dagokienez (bertakoen kasuan, txartel bat ibilgailu bakoitzeko, eta udatiarren kasuan, txartel bat etxebizitza bakoitzeko). Era berean, kexu da udalak aparkaleku batzuk bertakoentzako bakarrik erreserbatzen dituelako.

Gainera, kritikatu du tasa desberdinak ordaindu behar dituztela batzuek eta besteek txartel horiek lortzeko, eta udatiarren txartelen zenbatekoa bikoiztu egin dela aurten (25 eurotik 50 eurora).

Adierazi duenez, desadostasun horien berri eman zion udalari, baina ez zuen erantzunik jaso. 

Arartekoak informazioa eskatu zion Debako Udalari eta hark lurraren orografia aipatu zuen (irregularra eta kostaldetik metro gutxira) aparkalekuak berrantolatzea justifikatzeko, orografia horrek ez baitu herrigunea hazteko aukerarik ematen. Gainera, adierazi zuen biztanleen %80 herrigunean bizi direla, bigarren etxebizitza asko dagoela, biztanle-kopurua nabarmen hazten dela udan, eta udatiarrek ere badituztela beraientzat erreserbatutako sektoreak.

Bukatzeko, udalak dio ez datorrela bat herritar horrek adierazitako desadostasunarekin. Bere iritziz, bertako biztanleen eta udatiarren artean desberdintasuna badago ere, aparkalekuen gaineko araudiak ez du eskubiderik urratzen eta kostaldeko udalerrietan horrelako erabakiak hartu behar izaten dituzte.

Aparkaleku-premiak zerbitzu hori arautzeko ordenantzan ezarrita dagoen egoiliarren araubidearen bitartez ase nahi dira. Premia horiek, Arartekoaren ustez, berberak izango lirateke egoiliar guztientzat, bai ibilgailua udalerrian erroldatuta dutenentzat, bai udan hilabete baino gehiagoz udalerrian bizi direnentzat.

Balorazio hori egitean, bereziki kontuan hartu da aparkaldi mugatuko araubidea maiatzetik irailera bitartean, hau da, udan, eta horixe dela, hain zuzen ere, oporretako egoiliarrak udalerrian bizi diren eta erroldatutako egoiliarren aparkaleku-premia berdinak dituzten aldia.

Horregatik, Arartekoak ez du funtsezko desberdintasunik ikusten egoiliar batzuen eta besteen artean aldi horretan aparkatzeko premiei dagokienez, eta ez du uste, beraz, araubide desberdina ezarri behar denik talde bakoitzarentzat.

Orduan, Arartekoaren aburuz, udalak emandako azalpenek ez dute justifikatzen zerbitzua arautzen duen ordenantzak tratu desberdina ematea egoiliarren talde bati eta besteari, eta gomendatzen dio berriz azter ditzala ordenantzan ezarritako xedapenak.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko uztailaren 5a


Lotutako dokumentazioa

Ebazpena