Arartekoak Durangoko Udalari gomendatu dio jarduera-lizentzian ezarritako neurri zuzentzaileak betetzen dituela ziurta dezan eska diezaiola taberna baten sustatzaileari

Herritar batek Arartekoari salatu zion zenbait salaketa egin zizkiola Durangoko Udalari, bere bizilekuaren inguruetan kokaturiko ostalaritza establezimendu baten irregulartasunengatik, baina udalak ez zuela jardun. Kexagileak dioenez, bere etxebizitzan eragozpen larriak jasaten ditu zarata eta dardarengatik, establezimendu horretan musika oso ozen jartzen delako eta ixteko ordutegia behin eta berriz betetzen ez delako, baina ez da zarata-dardara horien ingurumen kontrolik egiten.

2021ko urrian, lokal horrek isolamendu-maila nahikorik ez zeukala eta etengabe ateak zabalik egoten zirela salatu zuen. Egoera hura osasun-kalte larriak sortzen ari omen zitzaion.

Arartekoak informazioa eskatu zion Durangoko Udalari, establezimendu horren funtzionamenduarekin lotutako eragozpenak konpontzeko zer kontrol-jarduera egin zituen jakiteko.

Udalak erantzun zuen jarduera-lizentzia bat eman zela 2007ko ekainean, eta han hainbat neurri betetzeko betebeharra ezarri zela. Behin neurri horiek hartuta, sustatzaileak agiri batzuk aurkeztu behar zituen irekitzeko lizentzia lortzeko, baina horietako batzuk oraindik ez ditu aurkeztu.

Hilabeteko epea ezarri zen sustatzaileak agiriak bidal zitzan, bada, bestela, irekitzeko lizentziaren eskaerari uko egin ziola ulertuko litzateke; horren ondoren, udalak adierazi zuen eskaerari uko egin zitzaiola, eta ixteko eta jarduera geldiarazteko agindua eman zuen. 

Hala ere, kexagileak hainbat jakinarazpenetan Arartekoari adierazi dionez, bere horretan jarraitzen dute jarduerak sortutako zarata-eragozpen larriek. 

Beharrezko lizentziak emateaz gain, udalak neurri zuzentzaileak betetzen direla zaindu ere egin behar du balizko jarduera gogaikarria garatzen den bitartean, sortutako zarata ikuskatzeari eta gainontzeko ingurumen-eskakizunei dagokienez.

Horregatik, Arartekoak Durangoko Udalari gomendatu dio jarduera hori legezta dezan eskatzeko establezimenduaren sustatzaileari. Era berean, gogorarazi dio indarreko araudia betetzen ez duelako legeztatzerik ez balego, lokala behin betiko itxi beharko lukeela.

EBAZPENA

Vitoria-Gasteiz, 2022ko azaroaren 3a