Arartekoak egiaztatu du bete dela kalean bizi diren pertsonak artatzeari buruz egin zuen gomendio orokorra

Arartekoak bat egin du Europako eta nazioarteko erakundeen proposamenekin etxegabetasunaren kontra borrokatzeko, eta garrantzitsutzat jo du euskal gizarte-babeserako sistema eta etxegabeen beharrei eraginkortasunez erantzuteko dauden tresna juridikoak eta antolaketazkoak.

Arartekoak bukatu du gomendio honen bilakaera aztertzeko lana: Arartekoaren 2/2020 Gomendio Orokorra, 2020ko ekainaren 5ekoa. Euskal administrazio publikoek jarraipena eman behar diete kalean bizi diren pertsonak artatzen orain arte egindako ahaleginei, betiere Etxegabeentzako Euskal Estrategiako (2018-2021) jarraibideak betez.

Bertan aztertu dira esparru eta testuinguru soziala, dauden diagnostikoak eta ebaluazioak, eta laguntza eskatu zitzaien administrazio publikoek abiarazi dituzten jarduerak. 

2019ko erdialdetik egiaztatu dugu gure hirietako kaleetan ugaritu egin direla etxerik ez duten emakumeak eta gizonak, eta ugaritze hori Arartekoari egindako kexetan eta kontsultetan ere islatu da. Kexa batzuk emakumeei zegozkien eta emakume gehienak 50 urtetik gorakoak ziren; hori kezka handitzeko faktore bat izan da. 

Honatx kexatzeko arrazoiak: egoitzetan ez dagoela plaza nahikorik, ez daudela erabiltzaileen behar berezietara egokituta (sexua, adina, osasun mentala, segurtasuna, e.a. kontuan hartuta), gabeziak daudela esku-hartze sozialean, estali gabe daudela osasun-beharrak eta oinarrizko beste premia batzuk (higienea edo elikadura), eta abar.

Ebazpen horretan, Arartekoak bat egin du Europako eta nazioarteko erakundeen proposamenekin etxegabetasunaren kontra borrokatzeko, eta garrantzitsutzat jo du euskal gizarte-babeserako sistema eta etxegabeen beharrei eraginkortasunez erantzuteko dauden tresna juridikoak eta antolaketazkoak.

Jasotako erantzunak aztertzean, ikusi ahal izan da euskal administrazio publikoek konfinamenduan etxegabeak artatzen esku hartu zutela eta orduan hasitako gizarteratze-prozesuei eta abiarazi ziren programei jarraipena emateko ahaleginak egin dituztela. 

Bi alarma-egoerak eta elkarren segidako luzapenak amaitu ondoren, administrazioek abiarazi ziren neurriekin eta programekin jarraitu dute, eta programa eta ekintza berriak egokitu eta bultzatu dira. Hortaz, Arartekoaren gomendio orokorra bete dutela ondoriozta daiteke. 

Hala ere, ahalegin hori ez da nahikoa izan gure kaleetako etxegabetasunaren arazo gero eta handiagoa konpontzeko eta, konfinamenduaren ostean, behar bezain bizkor aurrera egin ahal izateko sistema artikulatua, egonkorra eta kalitatekoa sortzen gizarte-zerbitzuen euskal sistemaren barruan eta beste sistema publiko batzuekin elkarlanean, adibidez, etxebizitza-sistemarekin edo diru-sarrerak bermatzekoarekin. 

Gizarte-zerbitzuen euskal sistemak bereizgarri ditu erantzukizun publikoa eta esku hartzeko eredu komunitarioa, pertsonarengan oinarritutakoa. Sistema horrek sistemen arteko lankidetza behar du askotariko egoerei eta beharrei erantzuteko: ostatu seguru eta egokirik ez duten gazteak, emakumeak, gizon helduak, hainbat osasun-arazo dituzten pertsonak, e.a. 

Hortik lezio hau ikasten da: gizon-emakume etxegabeei ematen zaien arreta artatzeko azpiegitura eta programetara irauli behar dela, eta etxebizitza duin eta egokia izateko eskubidea betetzera. 

Pertsona horiek bat-bateko kokalekuetan husteak pairatzen dituztenez gero, kale gorrian geratzen dira eta ez daukate non babestu; horren ondorioz, arrisku larrian dago beraien osotasuna eta gaizkitzen ari dira beraien kalteberatasun-egoera eta lehendik nozitzen zuten gizarte-bazterketa larria. 

Emakume etxegabe gehiago egoteak, bikotearekin batera egon ala ez, galdera garrantzitsuak eragiten ditu aldez aurretik hartu behar diren neurriez eta beraien premiak berariaz artatzeaz. 

Vitoria-Gasteiz, 2022ko apirilaren 12a


Lotutako dokumentazioa

Arartekoaren ebazpena, zeinaren bidez, amaitu baita 2020ko ekainaren 5eko Arartekoaren 2/2020 Gomendio Orokorraren bilakaera aztertzeko lana