Arartekoak emisio txikiko eremuak sortzeari buruzko informazioa eskatu die 50.000 biztanle baino gehiago dituzten Euskadiko sei udalerriei

Arartekoak ofiziozko jarduera bat hasi du mugikortasun jasangarria sustatzeaz arduratzen diren herritarren elkarte batzuetatik jasotako informazioaren ondorioz. Elkarte horiek agerian jarri dute Euskadiko udalerri batzuk atzeratu egin direla emisio txikiko eremuak (ETE) arautzeko orduan.

Klima-aldaketari eta trantsizio energetikoari buruzko Legeak (2021eko Gorte Nagusietan onartutakoa) ezartzen duenez, 50.000 biztanletik gorako udalerriek onartuta izan behar dituzte beren udalerriko hiri-mugikortasun jasangarrirako planak 2023. urtea hasi baino lehen. Arau horretan emisio txikiko eremutzat jotzen da udalerri bakoitzean mugatutako lurralde-eremu bat, non ibilgailu kutsatzaileenak sartzeko, zirkulatzeko eta aparkatzeko murrizketak ezartzen diren, airearen kalitatea hobetzeko eta berotegi-efektuko gasen emisioak arintzeko. 

Gaur egun, Euskadiko sei udalerri daude araudi horren eraginpean: Bilbo, Gasteiz, Donostia, Getxo, Barakaldo eta Irun. 

Berotegi-efektuko gasen emisioak gutxitzea funtsezkoa da klima-aldaketaren kontrako borrokan, Parisko Akordiotik ondorioztatzen denez, Klima Aldaketari buruzko Nazio Batuen Esparru Hitzarmenaren eta Energiaren eta Klimaren 2021-2030 aldirako Plan Nazional Integratuaren esparruan. 

Horrela, Arartekoak proposatzen du emisio txikiko eremuak arautzearen tramitazio-egoera aztertzea. Hori jendaurrean eta gardentasunez egin dadin aldezten du, herritarren parte-hartze egokia ahalbidetuz eta neurriek sor ditzaketen kostu eta onura ekonomiko nahiz sozialen ondorioak ebaluatuz.

Vitoria-Gasteiz, 2023ko martxoaren 6a