Arartekoak Energiaren Euskal Erakundeari gomendatu dio ezezta dezala 2021eko Ibilgailuen Renove Planean ibilgailu bat erosteko laguntza-eskaera baten ukapena

Pertsona batek Arartekora jo zuen, Energiaren Euskal Erakundeak (EEE) ukatu egin baitzion 2021eko Ibilgailuen Renove Planean ibilgailu bat erosteko laguntza-eskaera. Adierazi zuenez, laguntza hori 2021ean eskatu zuen eta EEEk bi hilabete geroago ukatu zion, bere ustez, eskatzaileak ez zituelako egunean bere zerga-betebeharrak.

Ukatzeko ebazpena jakinarazi ondoren, kexagilea harremanetan jarri zen Bizkaiko Foru Aldundiko Ogasun Sailarekin, ordaintzeke zegoen zorrik ba ote zuen jakiteko. Foru Ogasunak jakinarazi zion ez zeukala zorrik ordaintzeke betearazpen-bidean. 2020ko PFEZren bigarren zatia bakarrik zeukan ordaindu gabe, eta kopuru hura 2021eko azaroan ordaindu behar zen, borondatezko epean.

Beraz, urrian, berraztertzeko errekurtsoa jarri zuen ukatzeko ebazpenaren kontra, eta adierazi zuen egunean zituela bere zerga-betebeharrak. Hala ere, urtarrilean, EEEk berraztertzeko errekurtsoa ezestea erabaki zuen, bada, bere iritziz, hiru hilabete lehenago eskatu zitzaizkon agiriak ez ziren aurkeztu ezarritako epean. 

Kexagileak bere desadostasuna azaldu zion Arartekoari, izan ere, laguntza eskatu zuenean, egunean zituen bere zerga-betebeharrak. Horrela, zalantzan jarri zuen ukapena, izan ere, Bizkaiko Foru Ogasunak elkarreragingarritasun zerbitzuaren bidez bidalitako informazioan adierazi zen PFEZren ordainketa zatikatua zegoela ordaintzeke, eta ordainketa hori inolaz ere ezingo litzateke zerga-izaerako zortzat jo.

Arartekoak laguntza eskatu zion EEEri, eta eskura zeukan informazio guztia aztertu ostean, bere iritziz, kexagileak justifikatu du elkarreragingarritasun sistemaren bidez lortutako informazioa ez zela zehatza, ez baitzeukan zerga-betebeharrik ordaintzeke. Jasotako erantzunean 2020ko PFEZren ordainketa zatikatua baino ez zen aipatu, eta horrek ez du esan nahi zerga hori arautzen duen araudia betetzen ez denik.

Horregatik, Arartekoak Energiaren Euskal Erakundeari gomendatu dio ezezta dezala 2021eko Ibilgailuen Renove Planean ibilgailu bat erosteko laguntza-eskaeraren ukapena.

EBAZPENA

Vitoria-Gasteiz, 2023ko maiatzaren 25a