Arartekoak Energiaren Euskal Erakundeari gomendatu dio ezezta dezala Ibilgailuen 2021 Renove Planaren barruan ibilgailu bat erosteko laguntza-eskaera bat ukatzeko erabakia

Herritar batek kexa egin zion Arartekoari, Energiaren Euskal Erakundearen (EEE) Ibilgailuen 2021 Renove Plana (PAVEA) programaren barruan ibilgailu bat erosteko eskatu zuen laguntza ukatu ziotelako.

EEEk ez zuen onartu laguntza, izan ere, bere ustez, bidalitako agirietan ez zetozen bat laguntza-eskatzailea eta baja emandako ibilgailuaren titularra.

Kexagileak errekurtso bat jarri zuen, eta ukapen hura berriz azter zedin eskatu. Alegatu zuenez, EEEk Trafiko Zuzendaritza Nagusitik (DGT) lortutako agiria osatu gabe zegoelako ez zetozen bat datuak. Egia zen baja emandako ibilgailuaren titularra  DGTren agirian agertzen zena  beste pertsona bat zela, baina ibilgailuaren jabetza biek partekatzen zutelako gertatu zen hori.

Errekurtsoa izapidetzean, EEEk kexagileari eskatu zion 10 eguneko epean DGTren ziurtagiri bat aurkez zezala, ibilgailuaren titularkidetasuna bermatzen zuena.

Kexagileak 10 eguneko epe horretatik kanpo eman zuen ziurtagiri hura. EEEri jakinarazi zion DGTren aurrez aurreko hitzorduen kudeaketak eragin zuela atzerapena.

Hala ere, EEEk errekurtsoa ebatzi zuen eta berriro adierazi zuen ezetsi egin zuela, titulartasunari buruzko baldintza egiaztatu ez zelako.

Energiaren Euskal Erakundeko zuzendari nagusiak ibilgailu eraginkor eta alternatiboetan inbertitzeko 2021eko laguntza-programarako onartutako deialdiko oinarrietan zehazten denez, EEEk berak automatikoki egiaztatu beharko ditu zenbait agiri, hala nola eskatzailearen NANa, zerga-betebeharrak egunean dituela egiaztatzen duten ziurtagiriak, errolda-ziurtagiria eta “txatar bihurtutako ibilgailuaren eta erositako ibilgailuaren zirkulazio-baimenak.”
Xedapen horren bitartez, oinarrietan jasotzen da interesdunek eskubidea dutela administrazio publikoen esku dauden agiriak aurkeztu beharrik ez izateko.

Hala ere, DGTk EEEri emandako informazioan, txatar bihurtu beharreko ibilgailuaren zirkulazio-baimenean, eskatzailea ez zen berariaz ibilgailuaren titular gisa agertzen. 

Arartekoak uste du EEEk onartu egin behar zuela laguntzaren eskatzaileak, bere datuekin bidalitako baja-ziurtagiriaren bidez, baja emandako ibilgailuaren titulartasuna egiaztatu izana, edo, bestela, ofizioz eskatu behar ziola DGTri dokumentazio osagarria, datuak bat zetozen ziurtatzeko.


Horregatik, Energiaren Euskal Erakundeari gomendatu dio ezezta dezala Ibilgailuen 2021 Renove Planaren barruan ibilgailu bat erosteko laguntza-eskaera bat ukatzeko erabakia.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko ekainaren 16a
 


Lotutako dokumentazioa

Ebazpena