Arartekoak Erandioko Udalari gomendatu dio Udaltzaingoan arreta euskaraz emango dela berma dezala
Egintzak 2024ko irailekoak dira. Orduan, herritar batek salatu zuen Erandioko udaltzain batek ukatu egin ziola arreta euskaraz, eta jokaera hori zenbait aldiz errepikatu zuela, baita telefonoz kexa egin ondoren ere. Salaketan adierazten denez, hasiera batean, arreta eta dokumentazioa gaztelaniaz bakarrik egin ziren, herritarraren hizkuntza-eskubideak urratuz, horrek euskaraz artatua izateko eskubidea baitauka, gaztelaniarekin batera Euskadin hizkuntza ofiziala delako.
Arartekoak informazioa eskatu zion Erandioko Udalari, eta hark onartu zuen euskaraz artatzeko arazoak zituela, poliziaren plantillan hizkuntza-eskakizunen derrigortasuna kendu zuen epai judizial baten ondorioz. Hala ere, txostenean agerian geratu zen udaltzain gehienek arreta euskaraz emateko akreditazio nahikoa dutela, eta araudia eta protokoloak ez zirela eraginkortasunez aplikatzen ari.
Arartekoak bere ebazpenean ondorioztatu duenez, Erandioko Udalak bermatu egin behar du hizkuntza-eskakizunak egiaztatuta dituzten udaltzain guztiek arreta euskaraz emango dutela, eta hori egiteko erabakia ez dela egongo udaltzainaren borondate indibidualaren mende. Gainera, gomendatu du prestakuntza indartu dadila hizkuntza-eskubideen arloan eta euskaraz arreta emateko protokoloetan, eta errespetuan eta bereizkeriarik ezean oinarritutako kultura susta dadila herritarrak artatzean.
Arartekoak espero du gomendio horiek eraginkortasunez ezar daitezen, etorkizunean hizkuntza aukeratzeagatik bereizkeria-egoerarik ez sortzeko eta Erandioko Udalak bere herritar guztien hizkuntza-eskubideekin duen konpromisoa indartzeko.
Vitoria-Gasteiz, 2025eko ekainaren 19a