Arartekoak eskatu du berrikus dadila etxebizitza aldatzeko eskaera bat ukatzeko erabakia, uste baitu etxebizitza hori ez dela egokia bizikidetza-unitatearen (emakume bat eta bere seme adingabea) berariazko beharrak asetzeko

Herritar batek babes publikoko etxebizitza bat zeukan errentamendu-erregimenean hartuta. Arartekora jo zuen, izan ere, Alokabide sozietate publikoak ez zuen onartu etxebizitza aldatzeko premia onartzeko bere eskaera. 

Kexagileak guraso bakarreko bizikidetza-unitatea osatzen du eta hamar urteko umea du bere kargura. Alokabidek etxebizitza esleitu zion 2019an, eta onartu egin zuen, bere egoera ekonomikoa ez zelako batere ona eta merkatu libreko alokairuak garestiak zirelako. Hala ere, etxebizitzak logela bakarra dauka eta horrek zaildu egiten du semeak bere nortasuna garatzea, nabarmen mugatzen baitu haren pribatutasuna. Horregatik, egongela-sukalde-jangelako ohe-sofan lo egin behar izaten du.

Intimitate faltagatik semearekin bizitzeak okerrera egin zuenez gero, etxebizitza izateko berariazko premia onar ziezaioten eskatu zuen. Horretarako, Alokabidek emandako formularioan agertzen ziren arrazoien artean, “Behar bezala egiaztatutako berariazko beharrak” zioen aukera markatu zuen, eta familiako medikuaren txosten bat aurkeztu zuen, non bere egoera animikoaren berri eman baitzen.

Alokabidek ez zuen onartu eskaera, bere ustez medikuaren txostena ez zelako erabakigarria eta egoera ez zelako neurriz gain kezkatzeko modukoa. Era berean, ohartarazi zion ez zuela aztertuko arrazoi beragatik egindako birkokatze-eskaerarik bi urteko epean.

Kexagileak Arartekoari adierazi zion ez zeukala bere eskaera ebazteko Arabako Etxebizitzako lurralde ordezkariaren ebazpenik, baizik eta Bezeroen Arretarako Bulegoaren ebazpen bat bakarrik.

Egiaztatu dugu Etxebizitza Sailak honako elementu hau bakarrik hartzen duela aintzat etxebizitza aldatzeko eskaera bat aintzat hartzeko: Etxebizitzaren Legean pertsona bakoitzeko aurreikusita dagoen metro karratuen ratioa ez betetzea. 

Arartekoaren iritziz, etxebizitzak logela bakarra izateak eta herritarrak ohe-sofan lo egin behar izateak behar bezala justifikatzen du, legearen arabera, etxebizitza aldatzeko berariazko premia onartzeko eskaera.
Horregatik, Etxebizitza Sailari gomendatu dio berrikus dezala Alokabideko Bezeroen Arretarako Bulegoak hartutako erabakia, uste baitu etxebizitza hori ez dela egokia bizikidetza-unitate horren berariazko beharrak asetzeko.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko apirilaren 13a


Lotutako dokumentazioa

Arartekoaren 2022R-463-21 Ebazpena, 2022ko martxoaren 15ekoa. Horren bidez, Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailari gomendatzen zaio berrikus dezala etxebizitza aldatzeko berariazko premia aitortzeko eskaera ukatzeko erabakia