Arartekoak Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailari gomendatu dio aurrez aurreko arreta espezializatua berma dezala, administrazio-informazio espezializatua eman behar denean
Gomendio hori herritar baten kexak eragin zuen. Herritarrak aurrez aurre arreta espezializatua jasotzeko hitzordua eskatu zuen, etxebizitza birgaitzeko bi espedienteri buruzko gai teknikoez hitz egiteko, baina administrazioak ukatu egin zion eskaera.
Arreta espezializaturik jaso ez zuenez gero, Arartekora jo zuen. Erakunde honek gertakariak eta eskuratutako agiriak aztertu ostean, administrazioaren erantzuna ez zela egokia izan ondorioztatu du.
Arartekoak bere ebazpenean nabarmendu du garrantzitsua dela herritarrentzako kanal eskuragarriak eta hurbilak mantentzea, banan-banako arreta erakundeen hurbiltasun-betebeharraren alderdi bat dela eta administrazioak maila orokorraz haragoko arreta eskaini behar duela, baldin eta zuzeneko elkarrizketa eskatzen bada administrazio-espedienteetako alderdi teknikoak eta pertsonalizatuak jorratzeko.
Orobat, erakunde honek adierazi du aurrez aurreko arreta ez dela salbuespenezko edo ordezko modalitate bat, baizik eta kanal legitimoa eta erabilgarria, kanal elektronikoaren baldintza beretan. Arrazoi nahikorik eman gabe aurrez aurreko modalitatea ukatzeak pertsona fisikoen aukeratzeko eskubidea urra dezake, bai Estatuko, bai autonomia erkidegoko araudiaren ikuspegitik begiratuta. Horrela, administrazioak arduraz jokatu behar du, aurrez aurreko arreta jasotzeko datak proposatuz edo ordezko bide bat eskainiz teknikari adituekin harremanetan jartzeko.
Azkenik, Arartekoak gogorarazi du administrazio ona izateko eskubidearen ondorioz, administrazio publikoek legearen arabera jardun behar dutela, modu eraginkorrean, hurbiltasunez, banan-banako arreta emanez eta pertsonen premia zehatzekiko sentikortasuna erakutsiz. Erantzun arrazoiturik ez emateak eta teknikari adituekin zuzenean hitz egiteko bide funtzionalik ez izateak galarazi egiten diote herritarrari bere eskubideak erabat baliatzea administrazio-prozeduraren esparruan. Beraz, Arartekoak Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailari eskatu dio aurrez aurreko arreta berma dezala, elkarrizketa egokia eta pertsonalizatua eman behar denean.
Vitoria-Gasteiz, 2025eko ekainaren 26a