Arartekoak Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailari gomendatu dio berriz azter dezala bizitegi-bazterketa larrian daudenentzako alokairu-laguntzen deialdi batean Alokabidek egindako jarduera

Arartekoak izapidetzeko onartu zuen herritar baten kexa. Kexagileak, lo egiten zuen ostatuko langileek aholkatuta, adierazi zuen zailtasunak izan zituela COVID-19aren osasun-krisiaren ondoriozko kalteberatasun ekonomiko eta sozialei aurre egiteko dirulaguntza bat formalizatu eta izapidetzeko.

Adierazi zuenez, dirulaguntza bat eskatu zuen, ostatuko langileen konpromisoari eta arretari esker, izan ere, haiek une oro lagundu zioten Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio sailburuaren 2021eko apirilaren 13ko Aginduan eskatzen diren nahitaezko izapideak egiten. 

Hala ere, ostatuko hezitzaileek kexagilearen izenean eta haren ordezkari gisa egindako kexan azaldu zutenez, hark arazoak izan zituen eskaera elektronikoki egiteko, eta ez zen egokia izan Alokabide sozietate publikoak tramitazioan barrena bidali zuen informazioa.

Testuinguru horretan, oztopoak ezarri omen zizkieten egindako eskaera aldatzeko, Alokabidek uste baitzuen eskaera elektronikoki egiteko kanalak ez zuela izan behar “Laguntza Nagusiaren Programa”, baizik eta “Laguntza Osagarriaren Programa”. Azken batean, sozietate publiko horrek jakinarazi zuenez, kexagilea bizitegi-bazterketa egoera larrian zegoela egiaztatu zuten emandako agiri guztien bitartez. 

Beraz, Alokabidek ostatuko langileei gomendatu zien beste eskaera elektroniko bat egin zezatela bigarren kanal horretan, eta jakinarazi zien berriro aurkeztu behar zutela jada bere esku zeukan dokumentazioaren zati handi bat.

Arartekoak laguntza eskatu zion Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailari. Zehazki, informazioa galdegin zion, modu frogagarrian jakin nahi baitzuen Alokabidek zer jarduera burutu zituen herritar horri dirulaguntza izapidetzean. 

Era berean, Arartekoak jakin nahi zuen ea muga hura (aurreko eskaera zuzendu eta prozedurari jarraipena eman beharrean, eskaera berria egin behar izatea) aplikazio informatikoen diseinuagatik ezarri ote zen. Eta gogorarazi zuen administrazio-prozedura bateko interesdunek eskubidea dutela administrazioak jada bere esku dituen agiriak ez emateko.

Gainera, Arartekoak aipatu zuen kezkatuta zegoela apirilaren 13ko Aginduan jasotako betekizunarekin. Horren arabera, interesdunek nahitaez elektronikoki egin behar dituzte eskaerak.

Emandako informazioa kontuan hartuta, Arartekoaren ustez, Alokabidek, laguntzak edo dirulaguntzak kudeatu eta ordaintzeko jarduera propioetara mugatu beharrean, nahitaezko administrazio-prozedura izapidetu, agindu eta bultzatu du. Azken batean, kexa hau izapidetu ostean, Arartekoak egiaztatu du sozietate publiko horrek ahal publikoak baliatu dituela. Alabaina, estatutuetan betoa jarrita du horretarako, eta legez debekatuta du horrelakorik egitea. Dena den, ez dago inon idatziz jasota jarduera hori justifikatzeko agindurik edo hitzarmenik. 

Horregatik, Arartekoak Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailari gomendatu dio dirulaguntzak arautzeko oinarriak taxutzeko orduan, kontuan har ditzala horien hartzaile diren taldeen berezko ezaugarriak, laguntzetarako irispidea ez dadin gehiegizko oztopoa izan haiek jaso nahi dituztenentzat.

Horrez gain, beharrezkoa iruditzen zaio sail horrek Alokabideri emandako aginduak berriz azter ditzan, eta ahal publikoak erabili direla egiaztatzen den kasuetan, haiek alda ditzan.

Azkenik, ezinbestekotzat jotzen du sail horrek hausnar dezan zer ahal aitortu zaizkien bere mendeko sozietate publikoei dirulaguntzen tramitazio administratiboa egiteko orduan.

EBAZPENA

Vitoria-Gasteiz, 2022ko abenduaren 27a