Arartekoak Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari eskatu dio utz diezaiola herritar bati edoskitze-baimena hartzeko modalitate desberdinen artean aukeratzen

Herritar batek Arartekoari esku hartzeko galdegin zion, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak unibertsitatez kanpoko irakaskuntzaren esparruan gurasotasun-baimenak nola aplikatzen dituen ikusteko, zehazki, edoskitze metatua baliatzeko aukera.

Joan den martxoan, kexagilea aita izan zen adopzio bidez. Lehendik jakinarazi zion Hezkuntza Ordezkaritzako Bigarren Hezkuntzako Langileen Zerbitzuari gertakari hura jazoko zela eta adopzioagatiko baimena bi zatitan hartzeko asmoa zuela (bigarren zatia, 2021-2022 ikasturtean), eta jarraian edoskitze-orduak metatzeari dagokion ordaindutako baimena hartuko zuela.

Bere esanean, zerbitzu horretan arlo horretaz arduratzen den pertsonak ziurtatu zion aukera hori har zitekeela, baina kontuan izanda baimenaren azken zati hori hurrengo ikasturtea hasi ostean hartuko zela, edoskitze metatua baliatu nahi bazuen, bere lanpostuak ziurtatuta egon behar zuela bere semeak urtebete bete arte (2022ko otsailaren 26a); hortaz, lanpostu huts bat edo baja luze bat betetzen egon behar zuela.

Irailaren 14an, herritar horrek lanpostu huts bat lortu zuen, erretiro baten ondorioz; beraz, 2021-2022 ikasturterako bere izendapena 2022ko abuztuaren 31ra arte luzatuko da, hau da, umeak urtebete bete eta hilabete batzuk geroago arte.

Ondoren, herritarrak Langileen Zerbitzura jo zuen berriro, adierazi nahi baitzion baimenaren bigarren zatia 2022ko urriaren 10etik 2022ko otsailaren 6ra bitartean hartzeko asmoa zuela eta, jarraian, edoskitze-egun metatuak. Era berean, azken zertzelada horrengatik zenbat egun zegozkion jakinaraz ziezaioten eskatu zuen.

Telefonoz eta posta elektronikoz harremanetan jartzeko hainbat ahalegin egin ostean, egun batzuk geroago posta elektroniko bat jaso zuen eta bertan jakinarazi zioten lanpostu huts bat betetzen ari bazen ere, ezin ziotela edoskitze metatuko baimenik eman, irailaren 1ean izendatu ez zutelako, baldintza hori bete beharrekoa baitzen.

Gainera, kexarekin batera emandako agirietan egiaztatu dugunez, herritar horrek adierazi zuenean, harreman-bide bera erabiliz, informazio berri hura ez zetorrela bat hezkuntza-administrazio horrexek lehen eman zionarekin eta hasierako informazio huraxe izan zuela kontuan bere eskubidea baliatzeko, araudia ikasturte honetan aldatu dela erantzun zioten.

Hala ere, oro har, sektore horretan ezarri behar den araudiak bi aukera ematen dizkie edoskitze-baimena baliatzeko eskubidea dutenei: bata, lanean egunean ordubeteko etenaldia egitea edo ordubetez lanik ez egitea umeak urtebete bete arte; eta, bestea, aurreko formula hori aukeratuz gero legozkiokeen orduak metatuz lortzen diren lanaldi osoetan lanik ez egitea.

Horregatik, Arartekoak Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari gomendatu dio utz diezaiola herritar horri edoskitze-baimena baliatzeko modalitate desberdinen artean aukeratzen.

Vitoria-Gasteiz, 2021ko abenduaren 13a


Lotutako dokumentazioa

Arartekoaren 2021R-2058-21 Ebazpena, 2021eko azaroaren 24koa. Horren bidez, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari gomendatzen zaio utz diezaiola pertsona bati edoskitze-baimena hartzeko modalitate desberdinen artean aukeratzen.