Arartekoak Eusko Jaurlaritzari eskatu dio berrikus dezala etxebizitza aldatzeko premia aitortzeko eskaera bat ukatzeko erabakia, uste baitu etxebizitza gainokupatuta dagoela, argi eta garbi

Herritar batek Arartekoari adierazi zion ez zegoela konforme Gipuzkoako Etxebizitzako lurralde ordezkariaren erabakiarekin, ukatu egin baitzion etxebizitza aldatzeko berariazko premia aitortzeko eskaera.

Kexagileak zuzkidura-bizitoki bat alokatuta dauka eta guraso bakarreko bizikidetza-unitatea osatzen du bere kargura daukan adingabe batekin. Etxebizitza aldaketa eskatu zuen, izan ere, bere iritziz, etxebizitzaren ezaugarriak ez dira egokiak bere bizikidetza-unitatearentzat.

Azaldu zuenez, Etxebizitzako Ordezkaritzak zuzkidura-bizitoki bat esleitu zion 2021eko azaroan, eta onartu egin zuen, oso egoera ekonomiko txarrean zegoelako eta Donostian merkatu askeko alokairuak oso garesti zeudelako. Hala ere, adierazi zuen higiezinaren azalera erabilgarria 27,94 m2koa zela eta logela bakarra zeukala.

Horregatik, adierazi zuen etxebizitza hori argiro gainokupatuta zegoela, ez baitzeukan legez ezarritako azalera, eta etxebizitzaren berariazko premia aitor ziezaioten eskatu zuen.

Hala ere, 2022ko maiatzean, Gipuzkoako Etxebizitzako lurralde ordezkariak birkokatzeko eskaera ukatzea erabaki zuen, honako hau argudiatuz: “...aunque el alojamiento dotacional tenga una superficie útil inferior a 30 m2, no se ha producido modificación de la unidad convivencial desde que el mismo fue adjudicado a (la reclamante) y, además, aunque no se ha presentado certificado de empadronamiento de la solicitante y de su hijo en el alojamiento dotacional, es imposible que la antigüedad del empadronamiento cumpla con el mínimo de un año.”

Arartekoak txosten bat eskatu zion Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailari, eta galdetu zion zer arrazoi juridikorengatik ukatu zitzaion etxebizitza aldatzeko eskaera interesdunari, hura gainokupatuta zegoela egiaztatu arren. Bere erantzunean ez du gogoetarik egin egiaztatuta dagoen gainokupazio horretaz.

Etxebizitza horrek legez ezarritako azalera erabilgarria ez duela kontuan hartuta, Arartekoaren ustez, behar bezala justifikatuta dago etxebizitza aldatzeko berariazko premia aitortzeko egin den eskaera, Etxebizitzaren Legearen arauzko eskakizunen arabera.

Horregatik, Arartekoak Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailari gomendatu dio berrikus dezala Gipuzkoako Lurralde Ordezkaritzak hartu zuen erabakia (etxebizitza aldatzeko berariazko premia aitortzeko eskaera ukatzea), izan ere, egiaztatu da kexagilea eta bere seme adingabea bizi diren etxebizitza gainokupatuta dagoela, argi eta garbi.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko irailaren 15a


Lotutako dokumentazioa

Ebazpena