Arartekoak Eusko Jaurlaritzari eskatu dio berrikus dezala herritar baten prestazio ekonomikoak etenda egon diren aldia

Herritar batek Arartekoari adierazi zion ez zegoela ados diru-sarrerak bermatzeko errenta (DSBE) eta etxebizitzarako prestazio osagarria (EPO) jasotzeko zituen eskubideek etenda zeramatzaten denborarekin. 

Zehazki, esan zuen kezkatuta zegoela Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuak 2020ko uztailean EPO ordaintzeari utzi ziolako eta zazpi hilabete geroago, 2021eko otsailean kexa jarri zuenean, artean ez zelako berrezarri.

Etxebizitzagatik justifika daitekeen gasturik ez zuelako eten zioten prestazioa. Kexagileak azaldu zuenez, akats baten ondorioz, 2018ko azaroari zegokion ziurtagiria aurkeztu zuen, 2019koa aurkeztu beharrean. Hala ere, benetan beste zerbaitek kezkatzen zuen interesduna: bere EPO prestazioa 2020ko uztailetik etenda egoteak, hain zuzen.

Kasu honetan, Arartekoak ez du eztabaidatzen prestazioa eten izana, baizik eta etete horren iraunaldia. Hilabete bati dagokion alokairu-ordainagiria ez aurkeztea, bere iritziz, egintza batean amaitzen den eteteko arrazoia da. Beraz, Lanbidek ofizioz egiaztatu behar zuen ea une hartan betetzen ziren EPO prestazioa ordaintzeko baldintzak, eta hala bazen, hura berriz ordaintzen hasi behar zuen.

Horregatik, Arartekoak Eusko Jaurlaritzako Lan eta Enplegu Sailari gomendatu dio berriz azter ditzala prestazio horiek eteteko espedienteak.

Gainera, oro har, galdegin dio barne-tresna bat ezartzeko aukera azter dezala, berraztertze-prozeduraren arduradunari alerta moduan jakinarazteko jada bukatu dela prestazioak etetea eragin zuen arrazoia, hark ofizioz berrezar dezan prestazioen ordainketa.

EBAZPENA

Vitoria-Gasteiz, 2023ko urtarrilaren 11