Arartekoak Eusko Jaurlaritzari gomendatu dio behin betiko jarduera-plana bultza dezala Bizkaiko antzinako zabortegietan lindano-HCHak eragindako kutsaduraren kontra
Bizkaiko Ekologistak Martxan elkarteak azaldutako kexa bat aztertu ondoren egin zen gomendio hori. Elkarte horrek salatu zuen antzinako zabortegietan hondakin arriskutsuak zeudela, eta beroriek Nerbioi-Ibaizabalgo arroan ingurumen-inpaktuak dituzten lixibiatuak sortzen ari zirela.
Arartekoak, bere ebazpenean, hondakin eta lurzoru kutsatuei buruz Estatuko eta Europako arauditik eratorritako lege-betebeharrak gogorarazi ditu, eta nabarmendu du botere publikoek gaur egun dirauten hondakin arriskutsuen biltegien ingurumen-lehengoratze eraginkorra bermatu behar dutela.
Gainera, azpimarratu du Eusko Jaurlaritzak azken hamarkadetan jarduera garrantzitsuak egin dituen arren, kutsadura-fokuen iraunkortasunak beharrezko egiten duela plan integral bat bultzatzea, eta ekintza instituzional eta sozialeko mahaia berriz aktibatzea lindanoaren kontra.
Horregatik, Arartekoak Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailari gomendatu dio behin-betiko jarduera-plan bat prestatzea bultza dezala, Bizkaian erabiltzen ez diren zenbait zabortegitan lindano-HCHak eragiten duen kutsadura iraunkorra eragozteko.
Vitoria-Gasteiz, 2025eko ekainaren 23a