Skip to main content
  • Arartekoak kexa bat jaso zuen Gasteizko Arte eta Lanbide Eskolan langileak kontratatzeko eskatzen diren hizkuntza-eskakizunei buruz. Azaldu zuenez, langileak kontratatzean, ez zen eskatu irakaskuntza-lana behar bezala betetzeko moduko euskara-mailarik, eta zertzelada horrek eragotzi egin zuen lantegiak hizkuntza horretan eskaintzea, nahiz eta ikasle batzuk elebidunak izan eta hizkuntza horretan ikasi nahiko luketen. Era berean, gogorarazi zuen Eskola fundazio baten mende dagoela, fundazio hori hainbat administrazio publikok osatzen dutela eta funts publikoak jasotzen dituela antolatzeko eta funtzionatzeko.

    Arartekoak informazioa eskatu zion Fundazioari, eta hark erantzun zuen gaur egun Eskolak ez daukala berariazko hizkuntza-planik, baina zenbait neurri ezartzea aurreikusi dela, Eskolan euskara normaltasunez bizitzeko.

    Arartekoaren gomendioa justifikatzen duen analisiak honako hau du abiapuntu: Fundazioa ez da euskal sektore publikokoa, nahiz eta Gasteizko Udalaren eta Arabako Foru Aldundiaren dirulaguntzak jaso.

    Eskolak arautu gabeko irakaskuntza ematen du, beraz, araubide orokorreko eta bereziko irakaskuntzek ez bezalakoa, eta, hasiera batean, azken horiei aplikatzen zaizkie irakaskuntzan euskara erabiltzeari buruzko lege-aginduak. Hala ere, horrek ez du esan nahi Eskolak inolako betebeharrik ez duenik euskararen tratamenduari dagokionez, hezkuntza-araudiak hezkuntza-izaera duten eremu guztien ikuspegi integratzailea defendatzen baitu.

    Gainera, dirulaguntza publikoak jasotzen dituenez gero, Fundazioak herritarren hizkuntza-eskubideak eta euskararen erabilera bermatu behar ditu diruz lagundutako jardueraren berri ematean.

    Bestalde, araudian jasota dago botere publikoek euskararen erabilera sustatu behar dutela gizarte-bizitzako eremu guztietan.

    Horregatik guztiagatik, Arartekoaren ustez, kontraesankorra izango litzateke Gasteizko Arte eta Lanbide Eskola bezalako erakunde bat araudiak euskararen tratamenduaz euskal botere publikoei ezartzen dizkien betebeharretatik kanpo geratzea, izan ere, eskola horrek kultura-arloan lan garrantzitsua eta aitortutakoa egiten du eta bere jarduerari funts publikoek eusten diote.

    Hortaz, Arartekoari beharrezkoa iruditzen zaio Fundazioak agiri ofizial bat onartzea eta bertan honako hauek jasotzea: egungo egoeraren analisia, bete beharreko helburuak, beroriek erdietsi ahal izateko neurriak, jarduteko aldi baterako aurreikuspenak, baita arlo horretako beste edozein gai garrantzitsu ere, hori guztia plangintza egituratu baten barruan ezagutu eta abiaraz dadin eta, gero, ebalua dadin.

    EBAZPENA

    Vitoria-Gasteiz, 2025eko uztailaren 8a

  • EHUren uda ikastaroen XLIV. edizioan, Arartekoak Datuak Babesteko Euskal Agintaritzarekin batera honako izenburuko ikastaroa antolatu du Donostiako Miramar jauregian: “Adimen artifizial etikoa lortzeko bidean: giza-eskubideetarako eta datuak babesteko erronkak”.

    Ikastaroaren hasiera-ekitaldian, hauxe adierazi du Inés Ibáñez de Maeztu jarduneko arartekoak: “herriaren defentsa-erakundeok, ombudsmanok, eginkizun berri bat hartu behar dugu geure gain trantsizio digital honetan: aktiboki bermatu behar dugu interes orokorraren zerbitzura dagoen teknologia. Kontua ez da ikuspegi juridiko klasikoa erabiltzea soilik, baizik eta ikuspegi etikoa, diziplinartekoa eta prebentiboa ematea, beste erakunde batzuen araugintza eta lan teknikoa osatzeko”.

    Ikastaro honekin topagune bat sortu nahi da adimen artifizialak gizarteko eta erakundeetako arlo garrantzitsuetan duen eraginaz eta erabilerez eztabaidatzeko, hala nola hezkuntzan, herritarren segurtasunean, osasunean eta administrazio publikoan.

    Horrela, Ibáñez de Maeztuk adierazi duenez, ikastaro hau aukera paregabea da esperientziak partekatzeko, ikuspuntuak kontrastatzeko eta proposamenak sortzeko. “Baliagarria izatea nahi dugu -azpimarratu du- ez bakarrik arriskuak aztertzeko, baizik eta baita ere berrikuntza publiko arduratsuko, herritarren prestakuntzako eta parte-hartze informatuko aukerak irudikatzeko. Azken batean, eskubideak bermatuko dituen adimen artifiziala bultzatu nahi dugu, zerbitzu publikoak hobetuko dituena eta inor atzean utziko ez duena”.

    Helburu nagusietako bat da ikastarora etorri direnak sentsibilizatzea, bai adimen artifizialak berekin dakartzan erronka etiko eta sozialen inguruan, bai algoritmoek berdintasunean, ekitatean eta pribatutasunean sor ditzaketen joeren inguruan. Gainera, ekitaldi honek esperientziak eta jarduera egokiak trukatzeko plataforma bat izan nahi du, honelako gaiak jorratuz: adingabeak hezkuntza-inguru digitaletan babestea; adimen artifizialak segurtasun publikoan izan ditzakeen ondorioak, batez ere oinarrizko eskubideak errespetatzean.

    Funtsezko beste helburu bat hainbat sektoreren arteko lankidetza sustatzea da, elkarrizketa erraztuz teknologiako adituen, kudeaketa eta politika publikoen arduradunen, eskubideak kontrolatzeko erakundeen eta abarren artean, adimen artifiziala garatzean eta aplikatzean ikuspegi arduratsuak eta etikoak ezartzeko. Gure asmoa da topaketa honi esker berrikuntza-aukerak zehaztea eta, aldi berean, zenbait estrategia eraikitzea, arriskuak gutxitzeko eta, horrela, herritarren ongizatea, segurtasuna eta pribatutasuna babesteko.

    INFORMAZIO GEHIAGO

    Donostia/San Sebastián, 2025eko uztailaren 3a

     

  • Europar Batasuneko Oinarrizko Eskubideen Agentziak (FRA) “2025eko Oinarrizko Eskubideei Buruzko Txostena” argitaratu du. Bertan, 2024an Europar Batasunean oinarrizko eskubideak zertan diren eta 2025erako aurreikuspenak zehatz-mehatz aztertzen dira. 

    Hain zuzen ere, hainbat frontetan eskubideen erosioa dagoela ohartarazten du txostenak, eta egoera politiko aldakorrak eskubide horiei eragiten diela. 2024an, identitate-politikek gorrotoa eta intolerantzia elikatu dituzte; digitalizazioak eta adimen artifizialak, aukerak eskaintzen badituzte ere, oinarrizko eskubideen aurkako mehatxu berriak eragin dituzte batez ere; eta EBko kanpo-mugetako eskubideen etengabeko urraketek, gizarte zibileko erakundeen aurkako erasoekin batera, printzipio demokratiko eta giza eskubide oinarrizkoenak hondatu dituzte. 2025era begira, defentsarako eta segurtasunerako ikuspegi politikoak eta prozedurak sinplifikatzeko eta desarautzeko ahaleginek eskubideak babesteko kostua izan lezaketela aurreikusten da.

    Gainera, FRAk garrantzi berezikotzat jotzen diren gaiei buruz bere analisia ematen du. Lehenik eta behin, 2024. urteko hauteskunde-zikloari dagokionez, txostenak integritate demokratikorako arrisku esanguratsuak nabarmentzen ditu, sare sozialetan eta hauteskunde-prozesuetan adimen artifizialaren erabileraren bidez egindako manipulazioa eta desinformazioa barne, bai eta giro politiko polarizatu batean izandako indarkeria- eta larderia-ekintzak ere. Era berean, Europako Parlamentuaren osaerak ez duela gizarte-aniztasuna behar bezala islatzen azaltzen du, emakumeen, gazteen, desgaitasunen bat duten pertsonen eta gutxiengoen ordezkaritza txikia baitu.

    FRA indarkeria matxistaren auzian ere gelditu da. Txostenak azpimarratzen du indarkeria matxistak orokortua izaten jarraitzen duela EBn, eta ohartarazten du kasu asko ez direla iristen agintariek jakitera. Estatu batzuek adostasunean oinarritutako sexu-delituen definizioak hartu dituzten arren, FRAk adierazi du ekintza gehiago behar direla, batez ere ziber indarkeriaren eta sare sozialetako misoginiaren aurrean.

    Azkenik, txostenak EBko Oinarrizko Eskubideen Gutunaren aplikazio-egoerari heltzen dio. FRAren aburuz, Gutunak, Giza Eskubideen Europako Hitzarmena bezalako beste tresna batzuen aurrean, ikuspen txikia du, eta horren aplikazioaz arduratzen diren pertsona guztien gaitasunak indartzeko deia egin du, giza eskubideen erakunde nazionalak eta berdintasun-erakundeak barne.

  • Inés Ibáñez de Maeztu jarduneko arartekoa Irunera joango da gaur, emakumeek alardean parte hartzeko duten eskubidea babestera eta, bertan izanda, emakumeek jaietan eta eremu guztietan berdintasunerako eskubidea dutela argi eta garbi defendatzera.

    Horrela, Ararteko erakundeko titularrak adierazi nahi du guztiz ziur dagoela emakumeek berdintasunerako eskubide besterenezina dutela eta, beraz, protagonista izateko eskubidea, gizonezkoen baldintza beretan, ekonomia-, gizarte-, kultura- eta politika-bizitzako eremu guztietan, salbuespenik gabe, baita herri-jaietan ere, edozein tradizio ospatzen dela ere.

    Irungo San Martzial Alardea erreferentea da Euskadiko emakumeen berdintasunerako kausarako, eta Inés Ibáñez de Maeztu jarduneko arartekoak, Euskadiko herritarren eskubideen defendatzailea denez, gaur Irunen babesa adierazi nahi die gizarte-kultura- eta politika-oztopoak gaindituz, alardean parte hartzen duten emakume guztiei, baita ere urtez urte, ahaleginez eta adorez, eskubide hori gauzatzeko borroka egiten duten gizon-emakumeei.

    Vitoria-Gasteiz, 2025eko ekainaren 30a
     

  • 2025eko ekainaren 28a Arartekoak emakume lesbianen errealitatean jarri nahi du arreta, izan ere, horien ikusgarritasuna tamalez gauzatzeke dago oraindik. Irmoago apustu egin behar da emakume lesbianak ikusgarri egitearen eta berorien ahotsak entzutearen...
  • Gomendio hori herritar baten kexak eragin zuen. Herritarrak aurrez aurre arreta espezializatua jasotzeko hitzordua eskatu zuen, etxebizitza birgaitzeko bi espedienteri buruzko gai teknikoez hitz egiteko, baina administrazioak ukatu egin zion eskaera.

    Arreta espezializaturik jaso ez zuenez gero, Arartekora jo zuen. Erakunde honek gertakariak eta eskuratutako agiriak aztertu ostean, administrazioaren erantzuna ez zela egokia izan ondorioztatu du. 

    Arartekoak bere ebazpenean nabarmendu du garrantzitsua dela herritarrentzako kanal eskuragarriak eta hurbilak mantentzea, banan-banako arreta erakundeen hurbiltasun-betebeharraren alderdi bat dela eta administrazioak maila orokorraz haragoko arreta eskaini behar duela, baldin eta zuzeneko elkarrizketa eskatzen bada administrazio-espedienteetako alderdi teknikoak eta pertsonalizatuak jorratzeko.

    Orobat, erakunde honek adierazi du aurrez aurreko arreta ez dela salbuespenezko edo ordezko modalitate bat, baizik eta kanal legitimoa eta erabilgarria, kanal elektronikoaren baldintza beretan. Arrazoi nahikorik eman gabe aurrez aurreko modalitatea ukatzeak pertsona fisikoen aukeratzeko eskubidea urra dezake, bai Estatuko, bai autonomia erkidegoko araudiaren ikuspegitik begiratuta. Horrela, administrazioak arduraz jokatu behar du, aurrez aurreko arreta jasotzeko datak proposatuz edo ordezko bide bat eskainiz teknikari adituekin harremanetan jartzeko.

    Azkenik, Arartekoak gogorarazi du administrazio ona izateko eskubidearen ondorioz, administrazio publikoek legearen arabera jardun behar dutela, modu eraginkorrean, hurbiltasunez, banan-banako arreta emanez eta pertsonen premia zehatzekiko sentikortasuna erakutsiz. Erantzun arrazoiturik ez emateak eta teknikari adituekin zuzenean hitz egiteko bide funtzionalik ez izateak galarazi egiten diote herritarrari bere eskubideak erabat baliatzea administrazio-prozeduraren esparruan. Beraz, Arartekoak Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailari eskatu dio aurrez aurreko arreta berma dezala, elkarrizketa egokia eta pertsonalizatua eman behar denean.

    EBAZPENA

    Vitoria-Gasteiz, 2025eko ekainaren 26a

  • Bizkaiko Ekologistak Martxan elkarteak azaldutako kexa bat aztertu ondoren egin zen gomendio hori. Elkarte horrek salatu zuen antzinako zabortegietan hondakin arriskutsuak zeudela, eta beroriek Nerbioi-Ibaizabalgo arroan ingurumen-inpaktuak dituzten lixibiatuak sortzen ari zirela.

    Arartekoak, bere ebazpenean, hondakin eta lurzoru kutsatuei buruz Estatuko eta Europako arauditik eratorritako lege-betebeharrak gogorarazi ditu, eta nabarmendu du botere publikoek gaur egun dirauten hondakin arriskutsuen biltegien ingurumen-lehengoratze eraginkorra bermatu behar dutela.

    Gainera, azpimarratu du Eusko Jaurlaritzak azken hamarkadetan jarduera garrantzitsuak egin dituen arren, kutsadura-fokuen iraunkortasunak beharrezko egiten duela plan integral bat bultzatzea, eta ekintza instituzional eta sozialeko mahaia berriz aktibatzea lindanoaren kontra.

    Horregatik, Arartekoak Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailari gomendatu dio behin-betiko jarduera-plan bat prestatzea bultza dezala, Bizkaian erabiltzen ez diren zenbait zabortegitan lindano-HCHak eragiten duen kutsadura iraunkorra eragozteko.

    EBAZPENA

    Vitoria-Gasteiz, 2025eko ekainaren 23a

     

  • Egintzak 2024ko irailekoak dira. Orduan, herritar batek salatu zuen Erandioko udaltzain batek ukatu egin ziola arreta euskaraz, eta jokaera hori zenbait aldiz errepikatu zuela, baita telefonoz kexa egin ondoren ere. Salaketan adierazten denez, hasiera batean, arreta eta dokumentazioa gaztelaniaz bakarrik egin ziren, herritarraren hizkuntza-eskubideak urratuz, horrek euskaraz artatua izateko eskubidea baitauka, gaztelaniarekin batera Euskadin hizkuntza ofiziala delako. 

    Arartekoak informazioa eskatu zion Erandioko Udalari, eta hark onartu zuen euskaraz artatzeko arazoak zituela, poliziaren plantillan hizkuntza-eskakizunen derrigortasuna kendu zuen epai judizial baten ondorioz. Hala ere, txostenean agerian geratu zen udaltzain gehienek arreta euskaraz emateko akreditazio nahikoa dutela, eta araudia eta protokoloak ez zirela eraginkortasunez aplikatzen ari. 

    Arartekoak bere ebazpenean ondorioztatu duenez, Erandioko Udalak bermatu egin behar du hizkuntza-eskakizunak egiaztatuta dituzten udaltzain guztiek arreta euskaraz emango dutela, eta hori egiteko erabakia ez dela egongo udaltzainaren borondate indibidualaren mende. Gainera, gomendatu du prestakuntza indartu dadila hizkuntza-eskubideen arloan eta euskaraz arreta emateko protokoloetan, eta errespetuan eta bereizkeriarik ezean oinarritutako kultura susta dadila herritarrak artatzean. 

    Arartekoak espero du gomendio horiek eraginkortasunez ezar daitezen, etorkizunean hizkuntza aukeratzeagatik bereizkeria-egoerarik ez sortzeko eta Erandioko Udalak bere herritar guztien hizkuntza-eskubideekin duen konpromisoa indartzeko.

    EBAZPENA

    Vitoria-Gasteiz, 2025eko ekainaren 19a
     

Vitoria-Gasteiz
Ararteko

Arartekoak Eusko Jaurlaritzari gomendatu dio berrazter dezala Euskadiko angula-arrantzari buruzko araudia, aingira babesteko Europako araudira egokitzeko

Arartekoak Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailari eskatu dio berrazter dezala aingiraren (angula fase gaztean) arrantza profesionalari buruzko araudia, aingira europarraren populazioa berreskuratzeko Europar Batasunaren Zuzenbideko eskakizunetara egokitzeko.

Gomendioa kexa batek eragin zuen. Izan ere, Mutriku Natur Taldea ingurumena babesteko plataforma elkarteak kexa egin zuen eta zalantzan jarri zuen 77/2024 Dekretuaren legezkotasuna eta egokitasuna. Dekretu horren bidez baimendu zen lehenengoz Euskadin angula-arrantza profesionala, ordura arte aisialdirako bakarrik baimendutakoa.

Elkarte horrek azaldu zuenez, angula arrantzatzeko araudiak kontuan hartu behar ditu aingiraren kontserbazio-egoera kritikotik eratorritako betebeharrak. Egoera hori nazioarteko zenbait erakundek aitortu dute, esate baterako, Itsasoa Ikertzeko Nazioarteko Kontseiluak. Kontseilu horrek behin eta berriz gomendatu zuen hilkortasun antropogenikoa zerotik ahalik eta gertuen mantendu zedila, eta horren murrizketak Europar Batasuneko Zuzenbidean jasota daude, zeinak aisialdiko arrantza debekatzen zuen eta orduan zegoen arrantza profesionala soilik mantentzea baimentzen zuen, murrizketa batzuekin.

Arartekoak arretaz aztertu ditu europar aingiraren populazioa berreskuratzeko betebeharrari buruzko EBko araudia, EAEko aingira kudeatzeko plana eta arrantza profesionala ahalbidetzeko adostutako neurrien justifikazioa. Erakunde honen ustez, arrantza profesionalaren gaineko araudiak justifikazio egokia behar du, irizpide zientifikoetan oinarritutakoa, Europako araudian jasotako kontserbazio-betebeharrak betetzen dituena. Horregatik, Eusko Jaurlaritzari gomendatu dio berriz azter dezala angula-arrantzari buruzko araudia, Europako kontserbazio-neurrietara doitzeko, horren arrantza profesionala ahalik eta gehien mugatuz eta birpopulatzeko neurriak ziurtatuz.

Aingira europarra kontserbazio kritikoko egoeran katalogatutako espezie bat da, eta hori berreskuratzea lehentasuna da nazioartean. Arartekoak gogorarazten du arrantza-kudeaketaren arloan hartzen diren erabakiek jasangarritasun ekologikoa, gardentasuna eta Europako indarreko ingurumen-araudia betetzea izan behar dituztela ardatz nagusi.

Bestalde, Arartekoak bukatu du bere esku-hartzea Euskadiko Angulero Elkarteak egindako kexa batean. Elkarte horrek salatu zuen ez zegoela parte-hartzerik Gipuzkoako Foru Aldundiko Lurralde Oreka Berdearen Departamentuak onartutako Aingira Europarra Berreskuratzeko 2024-2034 Plan Integrala izapidetzean.

Kasu horretan, Arartekoak onartzen du plan hori programatikoa eta ez arau-emailea dela eta, beraz, ez dituela bete behar xedapen orokorretarako eskatzen diren izapideak. Hala ere, bere iritziz, aldundiak informatu eta parte hartzera gonbidatu behar zituen interes-taldeen erregistroan inskribatuta dauden elkarteak, bereziki kontu handiko ingurumen-gai batean, hala nola egoera kritikoan dagoen espezie bat (aingira europarra) berreskuratzea.

EBAZPENA


Vitoria-Gasteiz, 2025eko ekainaren 11